Zuntza2021: “Konponbideak eta informazio gardena behar ditugu, ez propaganda”

0
617

Beheko testua: Zuntza2021 / Argazkia: MB artxiboa.

Iraila hastearekin batera, Arrasateko Alde Zaharreko zuntz optikoaren instalazioaren gaia erdigunean jarri da berriz ere. Egia esan, ez da gutxiagorako, instalazio lanak maiatzean hasi behar baitziren udalaren adierazpenen arabera, eta dagoeneko herritarrok lau hilabeteko atzerapena ari gara sufritzen, inolako azalpenik jaso gabe.

Zuntza2021 ekimenak uztailaren erdialdean sartu zuen BAZen, zuntzaren instalazioak zeraman atzerapenaren inguruko azalpen eskaera bat, udal gobernuari zuzendua. Erantzuna idatziz egotea eskatzen genuen, modu ofizial batean, eta ez genuen ezer jaso. Horren ordez, beste bilera batera joateko eskaintza jaso genuen, baina gure ikuspegitik, bilera horietan parte hartzeak baino askoz garrantzi handiagoa du, honezkero, idatziz azalpenak modu ofizialean jasotzeak. Bileretako hitzek balio handirik ez daukatela ikusi dugu eta.

Argi hitz egin beharra daukagu: Alde Zaharreko herritarrok serio hartzen ez gaituzten irudipena daukagu; MasMoviletik ez dugu erantzunik jaso, orain dela hainbat hilabete baimenak sinatu arren, eta horren aurrean, alkateak prentsaurrekoan epeen inguruan egia esan ez zigula dirudi.

Gainera, informazio eske udalarekin harremanetan jarri diren batzuek esan digutenez, udaletik erantzun diete Zuntza2021 ekimenari galdetzeko zuntzaren instalazioaren nondik norakoak. Hori oso larria dela uste dugu, guk ez daukagulako inolako informazio ofizialik edo aktarik; eta ez daukagulako ardurarik instalazio prozesuan. Zuntza 2021 herritar plataforma bat da, erdiguneko arazo bat publikoki mahai gainean jarri duena eta konponbideak exijitu dituena. Prest egon gara pazientzia edukitzeko eta herritarrak publikoki animatu ditugu instalaziorako baimenak sinatzera, udalarekin batera, baina gure ekimena ez da teknikarien talde bat, benetako arazo bati irtenbidea eman behar zaiola aldarrikatzen duen taldea baizik.

Gure eskaerak berbera izaten jarraitzen du: idatziz eta publikoki, udalak instalazio prozesuaren berri ematea (atzerapenaren zergatia, benetako epeak, plangintza, prozesuaren momentuko egoera…). Bestalde, mobilizazioak hasiko ditugu ez badugu aurrerapen zehatzik ikusten epe laburrean.

Konponbideak eta informazio gardena behar ditugu, ez propaganda.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen