Zuntz optikoa eskuragai izango da alde zaharrean “urritik aurrera”

3
1637

Gaur goizean aurkeztu du Arrasateko Udalak Gestel telekomunikazio enpresarekin adostu duen akordioa, Arrasateko alde zaharrean zuntz sistema berria ezartzeko. Ibai-Arte merkatarien elkarteak bultzatu du proiektua.

Maria Ubaretxena alkateak, Jon Apraiz Ibai-Arte merkatarien elkarteko presidenteak eta Gestel telekomunikazio enpresako ordezkariek gaur goizean Arrasateko udaletxean eskainitako prentsaurrekoan iragarri dutenez, zuntz optikoa jarriko dute Arrasateko alde zaharrean.

Maria Ubarretxenak azaldu duenez, “zerbitzua urritik aurrera jarriko da martxan, eta udalerriko erdiguneko bizilagunek egindako eskaerari erantzungo dio. ” Ekimena Ibai-Arte merkatarien elkartetik dator. Gestelekin harremanetan jarri zen, alde zaharreko saltokiek komunikazio arloan zituzten beharrak asetzeko.


Nicolas Ayestak Gestelen ordezkari gisa azaldu duenez, instalatuko den sistema “zuntz aerea” bezala ezagutzen da, eta “herriko zonalde honetako Internet eta telefonia beharrak %100ean beteko ditu. “

Zerbitzu hori eskaintzeko, enpresak antena bat jarriko du Kontzeziñoren ur-biltegian, eta seinalea uhinen bidez bidaliko da eraikin bakoitzean jarriko diren antenetara, betiere bi antenen artean ikusmena badago.

Eraikinen barrualdetik kable bidez eramango da zerbitzua etxebizitza bakoitzera. Bakoitzak bere IP propioa izango du, eta wifi sarea eduki ahal izango dute etxeetan. “Horrela, ez dago kableak fatxadatik igaro beharrik, eta, beraz, alde zaharreko araudia errespetatzen dugu, ez eta kableak lurperatzea eragingo lukeen obra garestia egin beharra ere”.

Gestelek 300 megako deskarga zerbitzua eta 50 megako igoera zerbitzua eskainiko ditu, baina Ayestak azaldu duenez, “lanean ari gara martxoan 600 mega deskarga zerbitzua izan ahal izateko. ” Kontzeziñon konpainian jarriko duten antenarekin 1.500 erabiltzaileri emango diete zerbitzua.


Ubarretxenak zehaztu duenez, “alde zaharrean 840 etxebizitza eta 122 denda daude, eta Arrasateko zonalde horretako bizilagunen beharrak asetzen dituzte”, azaldu du Ubarretxenak. Ayestak azpimarratu duenez, “antena nagusiaren instalazioaren kostua Gestelek ordainduko du, baita etxebizitzetan eta dendetan instalatzearen kostua ere. ” Internet zerbitzuaz gain, telefonia finkoa eta mugikorra eta alarmak eskainiko ditu.

Informazio gehiago: www.espay.es/arrasate/

3 IRUZKIN

  1. “Zuntz optikoa eskuragai izango da alde zaharreko aberatsentzat “urritik aurrera”” egokiago deritzot.

  2. Nahi duzuen bezala deituko diozue, baina hau ez da zuntz optikoa.

    Bada garaia Arrasateko alde zaharrean konexio duinak izan ditzagun, prezio duinean. Albistekoa partxe bat da, egoera zerbait hobetu dezakeena, baina bidezkoena alde zaharreko biztanleok, gainerako herritarrek eskuragarri duten zerbitzu aukera bera izatea litzateke.

    Arazoa arautegia bada, hau egokitu beharko da XXI. mendera, ala?

  3. Aurreko bi iritziekin guztiz ados. Nire ustetan ez da justua:

    1) Alde zaharreko biztanleok nolako konektibitatea izango dugun Ibai arte-k erabakitzea Udaletxearekin. Beraientzat konponbidea bada pozten naiz eta erabili dezatela eurek. Biztanleok beste konponbide bat behar dugula uste dut.
    2) Enpresa bakarrarekin kontratatzeko aukera soilik izatea.
    3) Prezioa ematen den zerbitzurako. Gaur egun Arrasate osoan zerbitzu hobea eskuratu daiteke eta merkeago gainera.
    4) Komunikabideetan (Bai Goiena eta bai Mondraberrin) proposatzen den irtenbideari “zuntz optikoa” deitzea. Ez banago oker, irrati bidez bidalitako uhinak dira. Hau da, EZ DA ZUNTZ OPTIKOA.

    Seriotasun apur bat eta errespetua Alde Zaharrean bizi garen eta interneteko hornidura hobea behar dugun biztanleekiko.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen