Urteko lehenengo Bertako Produktuen Azokarekin batera XII. Zuhaitz Feria antolatu dute Seber Altuben. Arrasateko zuhaitz eguneko feria edizioz edizio egonkortzen eta indartzen joan da, urtez urte erreferentzialtasuna irabazten eta gaurkoa horren adibide izan da.

Aurtengo edizioan sei mintegik hartu dute parte: Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Natura Baso Mintegia (Arrazua-Ubarrundia), Lurberry (Zarautz), Ekoudalatx (Arrasate), Euskal Herriko hazien sarea (Gasteiz) eta Murueta Mintegia (Murueta). Fruta arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak, lorategiko landareak, eta basoko fruitu txikiak zigilu ekologikoarekin erosteko aukera izan da.
Gainera, bi zuhaitz sorta eta otarrak ere zozketatu dira erosleen artean.

Aipatu bezala, Zuhaitz Feriaren XII. edizioak, Bertako Produktuen Azokarekin egin du bat beste behin. Zuhaitz landareez gain, bestelako produktuak ere eskuratzeko aukera izan dute erosleek horrenbestez.
Aipatzekoa da Zuhaitzaren Egunaren baitan antolatzen den landaketa herrikoia aurten otsailean izango dela baina data zehazteke dago. Azken lau urteei jarraiki, aurten ere, Etxezarretako lur eremu zabalean egingo da landaketa.






