Zuhaitz Egunean, azokaz gain, herritarrek 400 haritz landatuko dituzte

0
479

Urtarrilaren 21ean egingo dira biak ala biak. Landaketa Etxezarretan egingo da, eta aurrez izena eman behar da, Udalak antolatuta. Azokan 5 haztegik parte hartuko dute, besteak beste, Ekoudalatx arrasatearrak.

Kartela: Udala / Argazkia: MB artxiboa.

Arrasatek hamarkadak daramatza Zuhaitz Eguna ospatzen, ikastetxeen eskutik, besteak beste.

Udalak antolatutako egunak 10 urte beteko ditu aurten, eta herritarrek ehunka lizar, gaztainondo, haritz eta intxaurrondo landatu izan dituzte Garagartza, Kurtzetxiki, San Balerio, Hidalgobaso eta Antoniñako lur publikoetan.

Landaketa egiteko, eremua “aldez aurretik prestatzea ezinbestekoa izango da: moztutako pinuen adarrak biltzea, sasiak berez sortutako hostozabalak errespetatuz moztea eta landare inbaditzaileak (akaziak) moztea”.

Parte hartu nahi duten herritarrek 943 25 20 05 telefonoan eman behar dute izena. Gomazko katiuskak eramatea gomendatzen da.

Ekitaldia goizeko 10:00etan hasiko da eta parte-hartzaileak Musakolako San Isidro elizatik abiatuko dira.

Aurtengo, hirugarren aldiz jarraian, Etxezarreta parkean egingo da, 2’2 hektareako azaleran. Udalak 2019an erosi zuen parkea: 83 hektareako lursaila; horietatik 63 pinudiak izan ziren, eta gainerako 20ak zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak.

Parkea Izarraitz, Aizkorri-Aratz eta Urkiolako korridore ekologikoan dago, eta garrantzi handikoa da biodibertsitatearen ikuspegitik.

Udalak adierazi duenez, “parkeko ingurune naturala eta biodibertsitatea berreskuratzeko azterlan bat enkargatu duela. Kudeaketa-plana ikerketaren emaitzak markatuko duen arren, dagoeneko aurreikusi da harizti kantauriarrak hartzen duen azalera handitzeko beharra”.

Udaleko Ingurumen-teknikari Pello Garaik azpimarratu du “horrelako ekimenek ingurumenaren alde sustatzen duten kontzientziazioak etorkizuna erabaki dezakeela”.

Halaber, “familia-jarduera ezin hobea da txikienei gure ingurune naturalaren eta tokiko espezieen garrantzia irakasteko. Zuhaitz-azalerak handitzea eta natura babestea eta kontserbatzea da orain gure eginbeharra, baina etorkizunean haien esku egongo da”. Landaketaren ostean lunch txiki bat egongo da.

Halaber, azokari dagokionez, aurtengoa 10. edizioa izango da eta, ohi bezala, mintegiak zabalik izango dira Seber Altuben 08:00etatik 14:00etara. Bost izango dira:

Ekoudalatx (Arrasate), Areitio (Zaldibar), Belar (Zaldibar), Etxeberria (Gatika) eta Lurberry (Zarautz). “Bertaratzen direnek fruta-arbolak, koniferoak, basoko landare autoktonoak eta lorategikoak, basoko fruitu txikiak eta fruitu ekologikoak erosi ahal izango dituzte”.

Gainera, azokak bi zuhaitz-sorta zozkatuko ditu erosleen artean, eta Seber Altubeko Bertako Produktuen Azokarekin bat egingo du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen