Zuhaitz Egunaren edizio berriak badu data: urtarrilaren 15a. Arrasateko Udalak antolatuta, bi ekimen izango dira aurten: zuhaitz feria eta zuhaitz landaketa.
Zuhaitz Egunak izaera sinbolikoa badu ere, Arrasateko Udalak halako egunek duten garrantzia gogoratu du: «ingurumenaren aldeko kontzientziazioan orain ematen diren pausu txikiek garrantzia handia izan dezakete etorkizunean. Egun hau aproposa izaten da familia giroan pasatzeko, eta batez ere, etxeko txikiei halako ekimenek duten ondorioa erakusteko. Izan ere, zuhaitz azalerak handitzea eta natura babestea eta zaintzea gure eginbeharra da orain, baina etorkizunean haien esku egongo da».
Zuhaitz landaketa izaten da Zuhaitz Eguneko ekitaldi nagusia. Etxezarreta parkean egingo da aurten landaketa: 1,1 hektareatan 900 haritz inguru landatuko dira, eta nahasian, beste 100 hostozabal, hala nola, urkiak, lizarrak, astigarrak eta sagarminak… Covidak eragindako pandemia medio, parte hartzea mugatua izango da aurten, eta beraz, talde bakarra aterako da Musakolako San Isidro elizatik; goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua. Parte hartu nahi duten herritarrek aldez aurretik eman behar dute izena 943 25 20 05 zenbakian. Gomazko katiuskak eramatea gomendatu dute.
Bost mintegitako zuhaitzak, ferian
Zuhaitz feriaren bederatzigarren edizioa izango da aurtengoa eta ohi bezala, Seber Altube plazan jarriko dituzte postuak parte hartuko duten mintegiek; feria Arrasateko baserriko produktuen azokarekin batera egingo da. Goizeko 08:00etatik eguerdiko 14:00etara bost mintegi hauek egongo dira:
- Areitio (Zaldibar)
- Belar (Zaldibar)
- Etxeberria (Gatika)
- Lurberry (Zarautz)
- Ekoudalatx (Arrasate)
Bertaratutakoek eskuratu ahal izango dituzte fruitu arbolak, koniferoak, baso landare autoktonoak eta lorategikoak, basoko fruitu txikiak eta ekologikoak. Gainera, erosleen artean bi zuhaitz sorta zozketatuko dira.
Biharko plan on bat dago, batez ere padagogikoki, zuhaitz landaketa eta zuhaitz azoka, euririk egiten ez badu aukera ona izan daiteke seme-alabak eramateko, goza dezaten eta aldi berean ikas dezaten.
Nire ustez, zer da hutsunea? Ezin dela esan, urtean behin horrelako jarduera bat udaletik eginez gero ingurumena bete denik. Arrasateko Ingurumen zinegotziak sobera daki zer den eskatzen ari garena, gaur tzintzo izango naiz, eta ez dut esango.
Dena den, jarduera honetan parte hartzea gomendatu nahi dut.