Zapatuko Azokarekin batera egin da, eta herritar ugarik aukera baliatu dute zuhaizkak edota landareak erosteko 7 mintegietan.
Udaleko Ingurumen teknikari Pello Garaik azpimarratu du Arrasateko Zuhaitz Feria “indartuz doan fenomenoa dela, eta Arrasate erreferente bihurtzen ari da inguruko herrietan urtarrilean egundoko aukera dugulako zuhaitzak bertan erosteko”.
Aurrera begira, datorren eguaztenean, urtarrilak 22, hitzaldi jakingarri bat izango da “bertako basoek ekosistementzat duten balioaz jardungo duena”.

Horretaz arituko da Garazi Auzmendi aditua, Aldundiarentzat lan bat egin duena, Gipuzkoako egungo basoak gaitzat hartuta:
“Baso horien ekarpenak zehazten ditu, baita zein hobekuntza egin beharko liratekeen larrialdi klimatikoari hobeto aurre egiteko”.

Larrialdi klimatikoa “denon erronka bat da, eta guztiok egin behar diogu aurre. Nola? Era asko daude, landaketak eginez, CO2 isurketak gutxituz, kotxea gutxiago erabilita,… Norberak har ditzala tamainako neurriak”.
Halaber, “lurjabeok kontzientzia hartu behar dugu, hau da, guk landatuko dugun zuhaitz mota erabakitzean, erabakitzen dugu zer-nolako paisaia izango dugun. Eskuzabaltasun handiko ekintza bat da bertako espezieak landatzea”.

“Horrek ez du esan nahi landaketa produktiboak behar ez ditugunik, noski egurra behar dugu, baina kontziente izan behar dugu zuhaitzak lurraren birikak direla. Bertakoa da emaitzarik onenak ematen dituena”.
Zuhaitz Feriarekin batera, hilabetero legez, Zapatuko Azoka egin da, bertako eta sasoiko produktuak eskainiz. Tartean, egurrez eginiko erreminta artisauak.







