Testua: Isei Barbero. Argazkia: MB artxiboa.
aitsiera faseko azken jardunaldian Mojategin egungo azken sailkatu Atletiko San Sebastian mendean hartu eta gero, asteburu honetan etxetik kanpo jokatzea egokituko zaie Arrasate Errugbi Taldeko seniorrei. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak sailkapen zuloko beste talde bati egingo dio bisita, azkenaurreko sailkatu Zornotzako Urgozori, hain justu ere. Norgehiagoka zapatuan jokatuko da, 15:15ean hasita.
Estreinaldiko jardunaldian multzoko lider BRT Menditarraken zelaitik esku hutsik etorri eta gero, eta jaitsiera faseko bi jardunaldi jokatutako, bigarren sailkatua da jada Kanpanzar Arrasate. Orain direla bi asteburuko garaipenari esker bost puntu ditu patrikan jada talde zuri-moreak, liderretik puntu bakarrera eta hirugarren sailkatu Uni Bilborekin berdinduta dagoela. Gauzak horrela, garrantzitsua izango da oso Bizkaia aldetik garaipena ekartzea, atzealdeko taldeekiko abantaila handitu eta, hein handi batean, jaitsieraren mamua uxatzeko.
Honako hau lehenengo partidua izango da bizkaitarrentzat, estreinaldiko jardunaldian Atletiko San Sebastianen zelaian jokatu behar zutena atzeratu eta gero, bigarren jardunaldian atsedenaldia egokitu baitzitzaien. Testuinguru honetan, tentu handiz begiratu behar zaio sailkapenari, azken bi sailkatuek gainontzeko taldeek baino partidu gutxiago baitute. Esan bezala, Zornotzatik garaipen berri bat ekartzeak urrearen balioa izango luke jaitsiera faseko etorkizunari begira. Aurrekaririk gertukoena 2016-2017 denboraldikoa da, orduan Kanpanzar Arrasate 0-58 nagusitu zen Zornotzan.