Azpiko argazkiak: Bolatokiko ekimena.
“Lehen auzoan boloan jokatzeko ohitura handia zegoen – baieztatu digu Haritz Gorroño ziorlarrak – eta bolatokia Jubilatuen Etxe ondoan zegoenez eta dagoenez, hemen sarritan jokatzen zuten”.
“Orduko jubilatuek bolatokia erabiltzen eta mantentzen zuten” baina denboraren poderioz, abandonatuta geratu zen, “landaretzak hartuta, esaterako”.

Hori ikusirik, Ziorlako lagun talde batek, hain zuzen, Iluna tabernako lagun talde batek, bolatokia eta bolo-jokoa berreskuratzeko “ekimena duela 8 urte inguru abiatu genuen. Lehen urte haietan itzelezko lana egin genuen, eta poliki-poliki biak ala biak berreskuratu ditugu”. Aurten, txukuntze-lanetan parte hartu dute:
- Urtzi Apraiz
- Mikel Urrutia
- Abraham
- Jabi Macho
- Iker Irazabalbeitia
- Egoitz Apraiz
- Dani Rodriguez ‘Gure Gallegua’
- Haritz Gorroño
Azken hiru partaide hauek goiko argazkian azaltzen dira, “baina ekimenaren hasieratik lagun askoz gehiagok parte hartu izan dute, adibidez Etxi, Txingu,…”.
Musakolan hiru txirloko modalitatea jokatzen dute, hau da, “soilik gure bailaran eta Bizkaiako zenbait lekutan jokatzen den modalitatea”.
Ekimen honek bertako “ikastetxeko umeak ere ekarri izan ditugu egun batez, eurek ere bola-jokoan ikas eta jolas dezaten”.

Lagun talde hau zenbait lan egiten dabil egun hauetan, besteak beste, “hasierako taulak neurri batean konpondu ditugu eta pista buztinez, zerrautsez eta lokatzez prestatzen gabiltza. Boloak eta txirloak ere lortu ditugu”.
Ekimenak batez ere jaietarako txukuntzen dute azpiegitura herrikoia, izan ere, Sanisidroetako ostiral gauerako txapelketa bat antolatzen du:

“Auzokoez gain, Uribarriko jendea ere gerturatzen da, han ere ohiturari eusten baitiote, eta Udala auzokoak ere etortzen dira”.
Lehiaketa honetan parte hartzeko izena eman behar da, txapelketa hasi baino apur bat lehenago. Ondoren, “txanda bakoitzean txirlo gehien botatzen dituenak bildutako dirua irabazten du”. Zorionak ekimenagatik eta ondo pasau jaixak!





