Ziorlako balkoian jarlekuak, mahaiak, ikurrina,… izango dira “datorren astean”

3
1615

Musakolarren ekimenez, langileak mendialdeko talaia hau egokitzen dabiltza. Besteak beste, itxitura babesleak jarriko dituzte. K1 Ekopaisaia enpresa gaur hasi da lan horietan, Udalak kontrataturik.

‘Ziorlako balkoia’ deiturikoa “Musakolako ‘Txapu’ eta beste lagun batzuk txukuntzen hasi ziren duela urte ugai” azaldu du gaur Oxel Apraizek, auzo-alkateak.

“Gainera, ikurrina hainbat lagunen artean igo genuen, eta denborarekin musakolarren artean ospe handia hartu zuen gune honek”.

Hortaz gain, talaia honetara igotzeko “bidezidorraren inguruko sastrakak kentzen ibili izan dira Musakolako zenbait lagun, auzolanean”.

Musakolaren ekimenez, iaz talaia hau egokitzen jarraitzeko proiektua izan zen nagusi Udalaren Aurrekontu Parte-hartzaileetan. Izan ere, herritarrengandik 1.675 puntu lortu zituen.

Oxel Apraizek baloratu du babes zabal hori eta gehitu du “obrak mendian egitea ez dugula gustuko, nahi dugu mendia bere horretan izatea”.

Hartara, “gauza gutxi batzuk jartzea proposatu genion Arrasateko Udalari: egurrezko mahai batzuk, egurrezko talaia bat, ikurrin handiago bat eta ezer gutxiago. Mendia lasai utzi behar da”.

Udalak, ordea, ‘Ziorlako balkoian’ “bestelako proiektuak egitea aurreikusten genituen – adierazi du Anuska Ezkurra zinegotziak prentsaurrekoan – esku-hartze handiagokoak”.

Dena den, “egitasmoa lantzen hasi ginenean, argi geneukan Musakolako Auzo-alkatetzarekin hitz egin behar genuela. Izan ere, eurek ere adierazi ziguten egitasmoa elkarlanean egin nahi zutela”.

Egitasmoa zehaztu ostean, gunea gokitzen hasteko, “baso-langileak bertan ibili dira aurreko asteetan” ingurua “garbitzen”, hau da, sastrakak eta bestelako landareak kentzen.

Ondoren, gaur, K1 Ekopaisaia enpresa beste lan batzuk egiten hasi da, Udalak kontrataturik. Ondorengo lanak egingo dituzte datozen egunetan:

“Ziorlako balkoiaren behealdean, bi eremu jarriko ditugu, eta eremu bakoitzean bina mahai”. Halaber, Ziorlako balkoia inguratzeko eta babesteko “itxitura bat jarriko da behealdean. Adibidez quad ibilgailuak ez daitezen balkoiraino igo, baina oinezkoak igaro ahal daitezen”.

Ziorlako balkoiaren goialdean, talaian, “egurrezko hezi bat jarriko da, eserleku bat, panel bat eta ikurrin handiago bat”.

Bestalde, gune honetara igotzeko nahiz jaisteko bidean “5 seinalitika jarriko dira”. Ildo horretan, Udalak kontuan hartu du hemendik hurbil bi bide igarotzen direla:

“Arrasateko Bira eta Errege Bidea-Bedoña hemendik hurbil igarotzen dira – baieztatu du Ingurumen teknikari Rafa Ugartek – eta seinalitika gehiago beharko balira, gehiago jarriko lirateke”.

Ziorlako balkoiko lan hauek “gaur hasi dira eta 7-10 egunetan bukatuko dira”, proiektua egiteko Udalak 11.500 € inguru baliatuko dituelarik (BEZ kanpo).

Oxel Apraizek animatu du “jendea oinez etortzera, motordun ibilgailuak alde batera uztera, mendia lasai egoteko”.

Azpimarratu du leku hau herrigunetik “20 minutu ingurura dagoela, igotzeko nahiko samurra dela, mendialdean, eta familian etor daitekeela, egun pasa esaterako”.

Anuska Ezkurrak nabarmendu du “ideia dela bertan gune eroso bat egitea, eta ez dugu nahi jendea hona prozesioan etortzerik”.

Musakolatik bertara igotzeko, baina, kontuan hartu behar da oinezkoak Osiñako biribil ‘zapalgarri’tik igaro behar direla, eta bertan zebrabiderik ez dagoela.

Horregatik Musakolako Auzo-alkatetzak “eskatu izan dugu oinezkoentzat pasabide seguru eta ondo egokitu bat egitea bertan. Baita ondoko Txokorro baserrikoentzat ere”.

Hala ere, Aldundiak martxoan erantzun zuenaren arabera, “arduragabekeria da aisialdiko ibilbide baten trazatua bertatik mantentzea eta sustatzea”.

Udalak gaur iragarri duenez “ez dugu bidegurutze horretan bestelako aldaketarik egitea aurreikusten”. Anuska Ezkurra zinegotziak prentsaurrekoan dei egin du “arrasatear denak Ziorlako balkoira etor daitezela datorren astetik aurrera”. Beraz, bidegurutzetik igaro behar baduzu, tentu handiz egin.

Albistea osatzen gabiltza

3 IRUZKIN

  1. Hori da, mendian dirua gastatzen eta bitartean Arrasateko kale batzuk ahaztu dituzte, egoera oso txarrean daude, kale-garbitzailea ere ez da bertaratzen, hau lotsa

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen