Udalak gaur eman ditu jakitera herritarrek ofizialki aurkeztu dizkioten abisu, kexa eta iradokizunak uztailetik irailera. Asiar erlabioari buruzko abisuak 51 inguru izan dira.
Udalak, ohi duenez, ezagutzera eman ditu azken hiru hilabeteetan herritarrek ofizialki aurkeztu dizkioten jakinarazpen, kexa nahiz proposamenak.
Abisu gehien asiar erlabioaren edota hauen afixen presentziak eragin ditu. Izan ere, horrelakoak ikusi dituzten herritarrek 51 abisu aurkeztu dizkiote Udalari, uztailaren hasieratik irailaren amaiera bitarte, Udalak afixak ken ditzan.
Kexa gehien leku publikoetako zikinkeriak eragin ditu, 68 kexa inguru guztira, eta horietatik 33 arratoien presentziaren ondoriozkoak izan dira.
Motordun ibilgailuentzako aparkaleku faltaren eta TAOaren inguruko kexak eta iradokizunak 31 izan dira azken 3 hilabeteotan. Hona hemen arrasatearren jakinarazpenen beste arrazoi batzuk:
Egoera txarrean dauden espaloiak, irisgarritasun irizpideak ez betetzea, geltoki berriaren kokapena, zaratak, Musakolako igerilekuetako espazio falta, Uarkapeko errokodromoaren egoera, zuntz optiko falta Alde Zaharrean, argiteria falta, igogailu publikoetako matxurak,…
Orotara, uztailean Udalak herritarrengandik 192 jakinarazpen jaso zituen, abuztuan 116 eta irailean 191.