Zigorrola eta Musakola [testua: Ramon Ugalde]

2
1580

Argazkiak: Ramon Ugalde.

Lekuizen arraro samarrak Mondragoen dauzkagun bi hauek. Gaur egun, toponimo biak modu bertsuan erabiltzen dira leku bera izendatzeko. Bueno egia esan forma “murriztuak” gehiago erabiltzen dira: Musa edo Ziga. Euskaraz ordea Musákola(sic) eta Ziórla (sic) esaten da. Eta Mondragoeko kaletarrek ere ahoskatzeko forma tradizionala erabiltzen dute: Musácola eta Cigarróla (sic). Egia esan Mondragoeko kaletarren ahoskatzeko modu hau bat dator izen hauek euskaraz ahoskatzeko moduarekin. Ez da euskaraz asko egiten Arrasaten, baina uste dut euskaraz egiten denean ere erdarazko entonazioaz esaten direla izen biak ere.

Izen hauen jatorria azaltzeko teoria onartuena da burdinolarekin lotzen duena eta hala Musakola masukak egiten dituen olatik etorrriko litzateke eta Zigarrola zearrolarekin.

Masuka berba oraindik portuguesez eta galegoz erabiltzen da, eta ei da burdinazko barra zakar samarra, birfintzeko oraindik lan gehiago behar duena. Ondorioz * masukola hipotetiko batetik musakolara pasatu zen.

Eta Zear olen gaineko informazioa Pedro Bernardo Villareal de Berrizen ematen digu bere “ Máquinas Hydraúlicas …” liburuan aipatzen ditu eta dio XVII.mendean sortu zirela cear ola delakoak. Beraz arazotxo bat baino gehiago daukagu Zigarrola zear olatik eratortzeko. Alde batetik Zigarrola leku izen berria dela, XIX . Mendearen bukaeran azaldu zela eta bestetik leku izen hau Çigorrola edo Çihorrola moduan idatzi izan dutela orain dela gutxi arte.

Txipi Ormaetxearen “Arrasateko Toponimia” liburuko informatzaile batek, Mojategi baserriko Matias Sagastak Sigorrolako itturrixe aipatu zion. Matias 1920an jaiotakoa zen. Nik neuk ere atsoren bati Siorrola entzun izan diot.

Horregatik beti pentsatu izan zait lekuizen hauen esangura eta etimologia ez daudela ondo azalduta. Eta idaztiño honetan nire hipotesia jaurtiko dut.

Zigorrola

Lehenik eta behin onartu beharko dugu izen honen forma kanonikoa eta jatorrizkoa Zihorrola edo Zigorrola dela eta ez Zehar ola.

Bi elementu dauzkagu izen honetan zigor eta ola. Jende gehienak uste du “ola” beti dela burdina ekoizteko lantegia baina toponimian ola kasu gehienetan lautadatxoa izendatzeko erabiltzen da. Ola edo ohola erderaz “tabla” da eta tabla, tablada, las tablas moduko formak asko erabiltzen dira leku lauak izendatzeko. Las Tablas de Daimiel horren lekuko. Autore batek (Javi Goitia) gehiago zehazten du eta dio ola euskaraz dela erreka bateko errebueltan edo meandroaren barruko espazioan osatzen den lautadatxo ia biribila.

Dena dela ola asko sartzen da leku izenen osaketan: Artola, Egurrola, Amezola, Arexola, Sarasola, Segurola ….
Eta Musakola zein Zigarrola lauak dira.

Beraz Zigorrola zigorrez beteriko lautadotxoa izango litzateke. Baina gaur egun Mondragoen zigor ez dugu erabiltzen, zer dira baina zigorrak?. Hipotesi hedatuenak dio zigorra gure sakuta dela ( Sambucus) eta beste hipotesiak ostera dio zihor edo zigor, zii mota bat dela ( erderaz junco, vara), zii mota asko daude, baina zigor mota bat, leku hezeetan garatzen dena makila zuzen eta malguak ematen ditu. Horregatik bihurtu ziren justiziaren sinbolo eta horregatik leku askotan alkateen agintearen ezaugarri egin zen: Alkateen agintea zuzena (justua) eta malgua izan behar da.
Nafarroan Ziordia dugu antzerako izenarekin. Kasu honetan sakutarekin lotzen da izenaren azalpena.

Gurean ez baina Bizkaian zigorra, ziborra esaten da, junco adierazteko. Zii ere ez dut uste erabiltzen denik gurean, ixa bai junco esateko. Ziri ere hor daukagu egurrezko zuzena eta mehea adierazteko. Inguru horretan sakuta ale batzuk ikusten dira, zuhaiska txikiak dira, lora zuriak eta fruitu beltzak ematen dituena, bolatxo formakoak eta itxura denez pozoitsuak. Ziorri ere jasota dago hiztegietan sakuta adierazteko.

Nahasketa hau, nahiko normala da, ziia 200 espezie daude eta sakutarenak ere pilo bat, jendeak askotan ez ditu espezie guztiak zehatz identifikatzen, eta hain ugariak direnez izen pilo bat hartzen dituzte eta leku batetik bestera aldatu egiten dira.

Mausa eta mausia ere sakuta da, Aretxabaletako Lausitxa segurutik Mausietaren aldaera bat izango da.
Zigorrola erderaz sabucal edo junquera litzateke.

Musakola

Eta Musakola? Nondik etor daiteke izen hau? Masukolatik? Eta masuko hori masukeraren euskal forma litzateke? Ezetzean nago.

Musakolaren lehenengo aipamen idatzia 1461koa da. Urte horretan Iñigo Gebarakok, Oñatiko Jaunak Mondragoeko udal batzarrari Musakola delako eremua saldu zion, beste leku eta etxe batzuekin batera 300.000 marabedien ordez. Ordurarte Musakola ez zen izan Arrasatekoa.

Beraz ondorio logikoa da Zigorrola pasatu eta gero hasten zela Musakola.

Lekuizen honetan ere bi elementu dauzkagu: Musako eta Ola. Ola, niretzat ez dago dudarik erreka bazterreko lautada da. Baina Musako?

Datu bat daukagu oso esanguratsua Musakola Mondragoeko kontzejuarena zela, herri lurra. Bizkaian herri basoak usabasoak ziren. Bestalde euskaraz badago joera nahiko hedatua bokalez hasten diren hitzetan M proteikoa jartzeko: Atxia Motxia, Aiko Maiko, Elur Melur. (M)usako, herri lurra esateko modu bat izan daiteke. Erderaz “baldíos”, debalde ustiatu datezkeenak ezer pagatu barik. Dokumento zaharretan Musakola “ejido” moduan azaltzen da, hau da herri lurra, denona eta inorena. Baina berehala hasi ziren pertsoan partikularrak lurralde hau okupatzen. 1461ean Mondragoeko kontzejura pasatu ziren, bina 1475an ikustatze bat egin behar izan zuten jakiteko zenbat lur sail okupatuta zeuden. Eta hala aipatzen da Joane Garratzekok eta Joane Iturriotzekok gaztainondo batzuk baimnik gabe sartuta zeuzkatela.

Eta dirudienez 1517an Musakola lur sailetan mugarriak jarri zituzten. Nire susmoa da urte horretan lur sail horiek esku pribatuetara pasatu zirela. Segurutik Nafarroako Konkistan mondragoetar batzuek egindako gastuak ordaintzeko. Eta ordurarte debalde erabiltzen ziren lurrak erabat pribatizatu ziren.

Gure hipotesia indartzeko MUSaren beste erabilera batzuk dauzkagu: Musu truk, da zerbait debalde lortzea, eta Musean aritzen denean, Mus! Da kartak botatzea, uztea, ez gordetzea, ez eustea, ez pribatizatzea funtsean,
Musako beraz herri lurra esateko modu bat izango litzateke, erderaz ejido edo baldío.

Hiztegira jotzen badugu ere, jasota dago ejidoak zirela herriko irteeran zeuden lur komunalak.

Eta kuriosoa da baina Arrasateko irteeran toponimo bi dauzkagu MUS-arekin hasten direnak: Musibar eta Musakola.

Zigarrola eta Musakola leku bera da?

Gaur egun ez da bereizten, baina garai batean Legarre aldera ematen zuen eremua Zigorrola zen eta harutzagokoa Epele aldera Musakola. Dokumentu zaharretan aipatzen da Juan Garras de Musacola, beraz Garratz baserria Musakola zen dudarik gabe. Ermita bat ere aipatzen dute Santa Maria de Çiorrola, San Antolin ere Zigorrolako lotzen da. Non kokatu bien arteko garai bateko muga? Antoñan? Kataiden? Arben?

2 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen