Aurten ere zortzi elkartek hartu dute parte Kondekuan jokatu den Doke txapelketan. Ziar-olak txapela eskuratu du bigarrenez jarraian, San Isidro elkarteari eta Udal zinegotziei irabazita. Horrez gain, sardina eta ardoa dastatzeko aukera ere izan da.
SUDC elkarteak urtero, Ostiral Santu egunez elkarteen arteko Doke txapelketa antolatu ohi izan du Kondekuan eta aurtengoan ere horrela izan da. Joko honen helburua, jaurtiketa puntutik hamar metrora dagon aiztoari ematea edo ahalik eta gehien hurbiltzea da, puntuak bildu ahal izateko. Horretarako ezinbestekoa da begi ona eta punteria.
Aurtengoan zortzi elkarte hauek aritu dira lehian:
- Ziar-ola
- Udalpe
- Santa Marina
- Leze-txiki
- Amaika Gazte
- Alkartu
- San Isidro
- Txalaparta
Euren artean jokatu ostean lau talderik onenak finaletara sailkatu dira. Hirugarren postua Leze-txiki eta Alkartuk lehiatu dute eta txapelduna Ziar-ola eta San Isidroren artean erabaki da. Gauzak horrela, Leze-txikik eskuratu du hirugarren postua eta Ziar-ola nagusitu da finalean.
Behin elkarteen arteko txapelduna erabakita, Andoni Arratibel eta Kepa Urteaga Udal zinegotziek, txapeldunen aurka jokatzeko ohorea izan dute. Doke txapelketaren historian Udalak behin bakarrik lortu du txapeldunei irabaztea, eta aurten ere, ohiko gidoia ez da aldatu. Arratibel zein Urteagak jokaldi polit batzuk utzi dituzten arren, ezinean ibili dira, markagailuan atzetik uneoro. Ziar-olak horrenbestez, bigarren urtez jarraian txapeldunak zergaitik izan diren erakutsi dio Udalari.
Txapelketak iraun duen bitartean, sardina eta ardoa izan dira dastagai. Eguraldia ere lagun izan dute eta giro bikaina izan da. Datorren urtean errepikatzeko gogoz gelditu dira guztiak.
Txapeldunak, Ziar-ola:

Bigarren postua, San Isidro:

Hirugarren postua, Leze-txiki:

Laugarren postua, Alkartu:
























