“Zertan hobetu dezakegu arrasatearrok? Zer egiten dugu ondo?”

0
1221

Gaurko kale-inkestan Alberto, Itziar, Agustin eta Iñakik parte hartu dute. Covid-aren aurkako neurrien harira, jendearen jokabidea ezbaian dago, baita gobernuen erabakien egokitasuna ere. Herritarrok zer dugu hobetzeko? Zertan jarraitu behar dugu?

Iñaki:

“Arrasaten orokorrean ondo bizi da, baina hobetu daitekeen gauzetako bat trafikoa gutxitzea da, kale nagusiak arnasa har ditzaten. Baina hori zaila da, eta galdera zailak daude: Nondik bideratu trafikoa? Nondik ez?…”.

“Covid-ari dagokionez, nire ustez Arrasateko eta beste herrietako jokabideak oso antzekoak dira. Gutxi batzuek ez dituzte arauak betetzen”.

“Neurriak betetzea tokatzen zaigu, eta ez dago sekreturik. Norbanakoak beste pertsonak ere kontuan hartu behar ditu, hori guztiok barneratu beharra dugu”.

Agustin:

“Nik uste arrasatearren artean elkartasun handia dagoela, eta Covid-aren aurkako neurriak ondo betetzen ari direla. Tabernetan argi ikusten da neurriak hartzen dabiltzala”.

“Kaleen garbitasuna hobetzea beharrezkoa da. Espaloiak nahiko zikin egoten dira, eta ikusten da makina garbitzaile bat pasatu izan dela toki batzuetatik, baina hobetu beharra dago”.

“Gainera azkenaldia zuhaitz asko mozten ari dira, eta horien ordez zuhaixkak landatzen dituzte, baina ez dakigu horiek hazi ahalko diren edo ez. Pena bat da urteak bertan izan diren arbolak moztea”.

Itziar:

“Herri langilea da, eta Covid-aren testuinguruan nik uste herritarrek orokorrean errespetuz jokatzen dutela. Hainbat gaztek eta ez hain gaztek, utzi diguten bitartean, barra nahiko librea izan dugu”.

“Aurreko larunbatean Arrasate erdialdeko supermerkatu batera bertaratu nintzen, eta gazte ugari alkoholdun edariak erosten ari ziren. Litekeena da horrek ez laguntzea. Hala ere, gauza txar gutxi ditu herri honek, ni bertan bizitzea erabaki dut”.

Alberto:

“Nik banatzaile bezala lan egiten dut, eta niretzat herri honen gauza onenetako bat poteoa da. Nik uste arrasatearrok oro har gauzak ondo egiten ditugula”.

“Birziklapenean hobetu behar dugu, orokorrean birziklatzen dugu baina ez behar bezainbeste. Hori argi ikusten da edukiontzietara birziklatzera joaten garenean: batzuek oraindik ez dute ondo birziklatzen”.

“Herri barruko errepideen norabideak aldatu ohi dizkigute, eta horregatik batzuetan ez daukagu argi nondik gidatu behar dugun”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen