Mapa: Ikerlur eta Udala.
Ezponda luze honek tarte ezberdinak ditu, eta tarte bakoitzak inklinazio ezberdina dauka, beraz esku-hartze ezberdinak egingo dira.
Ezpondako bi tartetan barrera dinamikoak jarriko dira, ezpondatik erori ahalko den materiala gerarazteko.
Babes neurri hauek “segurtasun barrera nagusienak direla” azpimarratu du Udalak, eta bi tokitan jarriko dira:
“Ezpondaren inklinazioa handia denean eta arriskua egon daitekeenean materiala espaloira erortzeko”. Hau da, Kulturola ondoan eta Zerrajera kaleko parke pribatuaren parean [beheko bi argazkietan].


Hain zuzen, tarte hauetako batean 54 metroko zabalerako barrera bat jarriko da, eta beste tartean 24 metroko zabalerakoa.
Ezpondaren inklinazioa txikiagoa den tokietan egurrezko barrerak jarriko dira, bigarren mailako babes-neurri gisa.
Adibidez, Consumer supermerkatu parean [beheko argazkian], ezpondaren inklinazioa apalagoa da “15-20º”koa.

Bertan bioingeniaritza sistema baliatuko da, eta hiru hesi jarriko dira, bakoitza 16 zutonez osaturikoa.
Obrak, Mantentze eta Zerbitzuak Saileko zinegotziak, Kepa Urteaga Garciak azaldu du “zurezko zutoinek Gewi barra biribil bana izango dutela barruan, 40 mm-koa, barrak hesiaren egonkortasuna eta erresistentzia bermatuko ditu”.
Gainera, inklinazio oso apaleko beste toki batean, areka bat egingo da: “landareria landatuko da arekaren eta hormatxoaren artean”.
Laugarrenik, hesi metaliko bat jarriko da hormigoizko eustorma altuaren buruan [beheko argazkian].

Horretarako “altuera jakineko bi hesi estatiko egin behar dira, ezponda espaloitik oso gertu dagoen lekuetan edo altuera jakin bateko horma baten gainean”.
Azkenik, euri-urak jasotzeko eta bideratzeko lanak ere egingo dira.
Bidenabar, “ezpondak oraindik Zerrajera fabrika zaharraren hondakinak dituenez, hondakin horiek erretiratzeari ekingo zaio”.
“Prozesu zaila da, makinek ez baitute lurrean lanik egin, maldaren inklinazioagatik. Beraz, lanak eskuz edo garabien laguntzaz egin beharko da”.
Lur-jausia duela urtebete inguru gertatu zen, eta ordutik Udalak “etengabeko lana” egin du.
“Duela urtebete, ezpondaren lehen azterketaren ondoren, hau egonkortzeko bide orri bat markatu genuen”.
“Lehenengo eta behin, azterketa geoteknikoa idatzi zen, egoera erreala ezagutzeko, eta ondoren exekuzio proiektua etorri zen”.
Azkenik, “behin Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena jasota, lanen exekuzioa lehiaketa bidez adjudikatu zen”.
Izan ere, ezpondaren zati bat Aldundiarena da, eta “honen onespena behar-beharrezkoa izan da lanak egin ahal izateko”.
Hori guztia egin ostean, aste honetan hasi dira lanak, eta aurreikuspenen arabera “otsaileko azken egunetan” amaituko dira.

Proiektu hau Ikerlur Ingenieria Geotecnica enpresako teknikariak idatzi du, eta berak obrak zuzentzen dihardu.
Era berean, lanak gauzatzen diharduen enpresa Innaces Geotecnica Vertical SL da. Obra esleipenaren zenbatekoa 91.372’58 eurokoa da (BEZ barne).




