Zergatik ez da Musakolako kiroldegia egingo? [Testua: Arrasateko EH Bildu]

0
1455

Arrasateko EH Bildurentzat oso garrantzitsua da kirol instalakuntzen eta zerbitzuen lanketa egin eta hauek modu zuzenean exekutatzea, herri osasuntsu batek ezinbestekoak baititu kirol jarduera duin baterako aukera askotarikoak izatea.

Irudia: Udala, artxibokoa.

Gure herri ereduan kirolak presente egon behar du Arrasateko edozein txokotan, herrigunean zein mendialdean izan. EH Bilduk KIROL HERRIA proiektua landu zuen duela 2 urte terdi eta gaur egun ere lanketa horretan sakontzen ari da herriko kirolzaleekin eta aurki gure proiektua indar eta ideiez berrituta herriarekin elkarbanatuko dugu.

GOBERNU HONEK MUSAKOLAKO KIROLDEGI BERRIA EZ DU EGINGO

Egiari zor, argiak izan behar gara gaia ondo kokatzeko: Gobernuak hauteskunde giroan zin egindako Musakolako kiroldegi berria ez da gauzatuko. Hauteskundeei begira egindako proposamen dirdiratsu bat izan zen eta guk hasiera-hasieratik esan genuen ekonomikoki jasangaitza izateaz gain ez zela Arrasateko herriak eskatzen zuen proiektua. Ezin dugu ahaztu Musakolako Kiroldegi berria, EAJren proiektu izarra izan zela azken udal hauteskundeetan eta gure ardura politikoa, oposizioan egonik, herritarrei zin egindako horren inguruan kontuak eskatzea da.

Baina denborak aurrera egin ahala, gobernuak bere proiektu izarra aurrera eramateko ezintasuna agerian geratu da eta n-garren prozesua jarri du martxan, aurreko denak ezerezean utziz.

GOBERNUAK AURKEZTU DUEN KIROLAREN INGURUKO PARTE-HARTZE PROZESUAREN ATZEAN ZER DAGO?

Adierazi nahiko genuke, duela 3hilabete EH Bildutik kirolaren gaia lantzen hasi ginela gobernuarekin  (PNV-PSE-EE) eta Elkarrekin Arrasaterekin eta berehala konturatu ginen bilera horien atzean ez zegoela kirolaren inguruko lanketa egiteko asmo zintzorik gobernukideen aldetik. Urte hauetan Musakolako igerilekuan zein Iturripeko instalakuntzetan, bidegorrien atzerapaenetan eta beste hainbat kirol-guneetan izandako kudeaketa tamalgarriari partxe bat jarri nahi izan diote parte hartze foro hau sortuz.

Foro hau  kanpoko enpresa pribatu batek kudeatzen du. Hortaz, kirol jardueretan inbertitu beharrean, gobernuak kirol politikan dituen gabeziak kanpo aholkularitzak kontratatuz estaltzen ditu. Beraz, kirol plana hasi eta gaur arteko prozesu desberdinetan gastatzen ari den diru publiko dena, ezertarako balio izan ez duenaren sentsazioa uzten du herritarrengan beste behin ere. Gardetasunaren izenean, udal gobernua dei egiten dugu azken 5 urteetan kiroldegiaren baitan egindako zeharkako gastuen (aholkularitza, publizitatea, maketagintza, diseinu…) zerrenda argitaratu dezan eurotan. Planteatzen den egitasmo “berri” hau, orain dela urte 4 urte landu zutenaren berdina da eta 4 urte geroago, “deja vu” bat izaten ari gara, dena errepikatzen baitabil. (prentsan argitaratutako azpiko artikulu eta elkarrizketak ikusi)

Dena den eta kirolaren gaiarekiko dugun atxikimendu eta konpromisoa kontuan izanik, EH Bildu prest azaltzen da berriro ere beharrezkoa den tokietan lan egiteko, eraginkortasunez, zintzotasunez eta Arrasatearron alde eginez, merezi dugun kirol eskaintza izan dezagun herrian.

Memoria egiteko prentsan ateratako lau artikulu:

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen