EH Bilduk salatu du, batetik, alkateak arau bat hautsi duela, Ogasun Batzordeko informazio bat prentsaurreko batean filtratuz. Beste batetik, talde subiranistak gaitzetsi du “ez dela benetan negoziaziorik” izan. EAJ-PNV eta PSEren gehiengoaren ondorioz, zergak eta tasak “bere horretan” geratzekoak dira 2023ra begira.
Framea eta bideoa: Udala.
Udal-zergen eta udal-tasen inguruan eztabaidatu eta bozkatu da aste honetako Udalbatzarrean. Hau da, Ordenantza Fiskalen inguruan.
Inflazioaren testuinguruan, EAJ-PNV eta PSEk ez dituzte jaitsi asmo, ezta igo ere, bere horretan uztea beraz, “izoztuta”.
Anuska Ezkurra zinegotziaren hitzetan, Arrasaten egoera “zail batean gaude”, eta Arrasateko familia “guzti-guztiek” beharko dute euren “gerrikoa estutu”. Bitartean, Udalaren egoera ekonomikoa “osasuntsua dela” berretsi du.
Aste honetan Ogasun zinegotzi Ander Garayk prentsaurrekoan esan du EH Bildurekin “negoziaketa” egin zutela, baina talde subiranistak hori ukatu du:
“Beste eszenario bat planteatzeko negoziazio eta elkarrizketarik ez” ditu ireki Udal-gobernuak, Joseba Ezpeleta zinegotziak ziurtatu duenez. Ondorioz, “Ogasun Batzordean mugatu gara bakoitzak bere botatzera”.
Ogasun Batzordeko kide honek gehitu duenez, “PNV-PSOEren norabidea okerra da”, eta Britainia Handiko Alderdi Laboristako Jeremy Corbyn lider ohiaren proposamena eredugarritzat jarri du, hau da:
“Enpresa handietako langileentzat enpresaren akzioen %10 izatea, eta langileek Administrazio Kontseiluan eta urteko etekinetan parte hartzea”.
EH Bilduk Udal-gobernuari beste hainbat neurri aurkeztu zizkion “baina zuek [Udal-gobernukoek] ez duzue nahi Zerbitzu Publikoek kudeaketa publikoa izatea. Ordea, lorazainen eta beste langileen bizkar aberasten diren enpresa azpikontratatuen aldekoak zarete”.
Aldaketa bat eragiteko “zergak eliteei eta enpresa handiei igo beharko litzaieke”. Ildo honetan, “zergen progresibitatearen aurkakoa da zergak izoztea. Izan ere, horren onuradun nagusia gehien daukana da”.
EH Bilduk adierazi duenez “helburua zerbitzuen oreka finantzieroa izan behar da. Noski lortu dituzuela [Udal-gobernuekoei zuzenduta] Aurrekontu orekatuak, Legeak hala agintzen duelako, baina udal-zerbitzuen desoreka okertuko da”.
Joseba Ezpeletak argitu du EH Bilduk proposatu duela “egoera ekonomiko zaurgarrian dauden pertsonentzat dirulaguntza lerro batzuk sortzea. Hori hainbat udaletan egin da, eta hemengo Udalak ere egin dezake, baina Udal-gobernuak hori baztertu du”.
Halaber, EH Bilduk salatu du “Ogasun Batzordeko aktak ez direla publikoak” baina alkateak prentsari filtratu diola aste honetan EH Bilduk zergen “igoera” proposatu zuela, datu hori bakarrik filtratzera mugatuz.
EAJ-PNVko Anuska Ezkurraren iritziz, “aberastasunaren inguruko zergak ez dira Udalaren eskumenak” eta EH Bilduren proposamena “ezin da Udalean aplikatu”.
Bere esanetan, EH Bilduren proposamenak “ez zuen zehaztapenik”, eta “dirulaguntzak ez dira udal-zerga eta tasetan oinarritzen”. Halaber, udaletxeko debatea mugatzen saiatu da: “Hori ez da gaurko gaia”.
Hitzeman duenez, dirulaguntza gehiago “beharko balira” Udala pertsona “guzti-guztiei” laguntzeko “prest” egongo litzateke “beti”.
Podemos Arrasatek emendakinak aurkeztu zizkion Udal-gobernuari “baina erantzunaren zain gaude oraindik”. Eva Abuinek gaitzetsi duenez Ogasuneko zinegotziak prentsaurrekoan adierazi zuen Podemosek emendakinak “uste dut, epez kanpo” aurkeztu zituela.
Podemos Arrasateren hitzetan, “kriston errespetu falta da” eta “Udal-gobernuaren jarrera lotsagarria da”. Udal-gobernuak erantzun duenez, Podemos Arrasatek proposamena bidali zuen “irailaren 28ko bilera hasi aurretik, Plenora aurkeztuko den testua diktaminatzen den bileran. Hori ez da serioa”. “Eta zergatik ez zenuten une horretan jakinarazi? – erantzun du Podemos Arrasateko zinegotziak – Hori bai ez dela serioa”.
Ezkurrak azaldutakoaren arabera, 2015ean EAJ-PNV eta PSE gobernatzen hasi zirenean, “Udal honek 4 milioiko zor bat zeukan, eta duela 4 urtetik 0 zor egoeran gaude”. Baieztatu duenez, Udalak “zerbitzu guztiak” eskaintzen jarraituko du.
Joseba Ezpeletak erantzun du, Jeremy Corbyn-en “norabidea” jarraitzekoa dela, “Udal-gobernukoak PPren norabidea jarraitzen” duten bitartean, “hau da, zergak izoztea”.
Ezagutzera eman duenez, Udalak “tasekin ez ditu zerbitzuen kostuak kubritzen. Adibidez, zaborrari dagokion zerbitzuan, ez gara %80era iristen, udal-txosten batek azaldu bezala”.
Desoreka horiek orekatzeko, Udalak “dirulaguntza lerro zehatzak ditu tributuetarako, IBIa ordaintzeko, uraren tasa ordaintzeko,… eta horrek guztiak harreman handia dauka Ordenantza Fiskalekin”.
Azkenik, EH Bilduk gaitzetsi du “alkateak prentsari datu bat filtratu diola, min gehien eragiten duen datua”. EAJ-PNVek ez du arau-hauste horri buruzko azalpenik eman, eta aipatu ditu Udalak gauzatutako hainbat egitasmo.
Maider Morras zinegotziak gogora ekarri du Bilduren Gobernuak “4 urtetan 9 milioiko zorra amortizatu genuela, Lege munizipalagatik”. “Zuek [Udal-gobernukoek] 4 urtetan 4 milioi”.
Jakitera eman duenez, Udalaren egoera ekonomikoa ona da “5 milioi euro aurreztuta duelako, hori normala da herri honetan jende” ugari “duintasun barik bizitzen den bitartean? Hori egoera ona da?”.
“Udaleko interbentore batek, gure herriko finantzazioaz eta fiskalitateaz urtero arduratu zena, dirua gordetzearen aurkako jarrera zuen. Diru hori inbertitu behar da”.
Aipatu du “Arrasateko zerbitzu batzuk bi urtez itxita egon direla, Erdialdeko Gaztelekua esaterako”. Anuska Ezkurrari zuzenduta, argitu du EH Bilduk “Ogasun Batzordean proposatu genuen dirulaguntza lerroa beste dirulaguntza batzuekin nahastu dituzula”.
Podemos Arrasatek planteatu du “Udalak gehiago egin dezakeela, diru gehien daukanak gehiago ordainduz”. Halaber, bere emandakin batzuk jakitera eman ditu:
“Bankuek, beste guztiek bezala, ordain dezatela okupatzen duten zoru publikoa”, “milioi bat edo gehiago fakturatzen duten enpresei Jarduera Ekonomikoen Zerga igotzea” eta “auzo-lokalei %50eko hobaria eskaintzea irekierak sustatzeko”.
Era berean, planteatu ditu “familia monomarentalei familia ugarien hobariak aplikatzea” eta “errenta baxua duten pertsonei TAO txartela edo tiketak ordaintzeko hobariak jartzea”. Debatearen ostean, bozketan ondoko emaitzak izan dira:
- Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
- Aurkako botoak: 9 (EH Bildu eta Podemos Arrasate)
Bozketaren ondorioz, Udalbatzak behin-behinean onartu ditu 2023rako Ordenantza Fiskalak.
Erlazionatutako albistea:
Inflazio testuinguruan, Udal-gobernuak ez ditu zerga eta tasak jaitsi asmo
2022ko urriaren 4an argitaratutako albistea
Argi eskatzen duzun horrekin, ea euren burua ezker fintzat duten asko ez ote diren eliteak izango, eta zerga altuagoak ordaindu beharko dituzten.
Arrazoi dana, ze da elite? Danok ezkertiarrak baina urtean 3aldiz oporretan eta hori egiten ez duenak furgonetoie! Hipokresia latza dugu gizartean. Bienbitartean, kana ziztrin batek 2,5 eta kafeak 1,5. Pikutara doa dena.