Arrasaten azkenaldian hainbat positibo izan dira, eta ondorioz herritar mordo bat koarentenan daude. Animo lagun horiei guztiei! Zer aholkatuko zeniekete aspertu ez daitezen?

Lourdes:
“Denbora baliatzea gustuko duzuna egiteko, margotzeko adibidez. Koarentena pazientziaz har dezatela eta arau denak bete ditzatela”.
Iñaki:
“Youtuben bideo interesgarri ugari daude, eta irakurtzea ere gomendagarria da, nahiz eta irakurtzeko ohiturarik ez izan”.
“Zumarragako mutil baten liburua gomendatzen dut: ‘Orfeo’ Jose Ignacio Ruiz de Alegriarena, bi liburu dira guztira. Oso interesgarriak dira, ni irakurtzen ari naiz eta oso pozik nago. Nik musika entzuteko Amazon erabiltzen dut”.

Haizea Gomez:
“Nik uste aukera bat dela norberak gustuko duen estilo musikala hobeto ezagutzeko. Baita beste estilo musikal batzuk ezagutzeko ere. Irakurtzeko zaletasuna dutenek ere mundu berri bat ezagutzeko aukera dute. Filmekin beste horrenbeste”.
“Hori esanda, bizitzan jakin behar dugu ere aspertuta egoten, izan ere, momentu askotan aspertuta egon beharko gara bizitzan, baina onena da ahalik eta gutxien aspertzea”.

Alaine:
“Aukera ona da zaletasun berriak probatzeko edota jarduera berriak egiteko, josteko adibidez. Guretzat oso baliagarria izan zen etxean kirola egitea, izan ere, gorputza mugitu eta nekatu behar da, ez da nahikoa ohetik sofara eta sofatik ohera joatea”.
“Nik aholkatuko nieke denbora ahalik eta okupatuena izatea, izan ere, ez bada ezer egiten orduak oso luze joatean dira. Beraz, goizean eguna planifika dezatela eta plana aplika dezatela”.
Ander:
“Pertsona bakoitzak jakin behar du zerk entretenitzen duen eta horretan enfokatu behar da. Batzuek musika gustuko dute, beste batzuek filmak. Hala ere, nire ustez pertsonak dibertsifikatu behar du bere aisialdia, beti gauza berbera egiten ez egoteko”.
“Izan ere, 10-12 egunetan gauza berriak ezagutzeko aukerak daude, adibidez sukaldatzeko aukera. Nire ustez jarrera ere oso garrantzitsua da, baikorra izatea, eta denbora ondo kudeatzea”.