Justi Rubiales, Olga Restrepo, Jesús González eta Miguel Angel Lalinde ‘Txori’k parte hartu dute gaurko inkestan.

Olga Restrepo:
“Ni nire familiarekin irtengo naiz, etxetik kanpo bazkalduko dugu. Bost gara eta bueltatxo bat emango dugu herritik, zerbait edango dugu eta etxera bueltatuko gara”.
“Egoerak behartzen gaitu jende pilaketak saihestera, eta onena da talde txikia izatea, gu inor ez kutsatzeko eta inor gu ez kutsatzeko. Gainera, musukoak eta distantzia erabili behar dira”.
“Kontzientziazioa oso garrantzitsua da: soluzioa denon artean lortuko dugu, arazoa denon artean dagoelako. Koronabirusa ez da broma bat, eta gure esku dagoena jarri behar dugu”.

Miguel Angel Lalinde ‘Txori’:
“Maritxu Kajoi ezin ospatzeak izorratzen gaitu, batez ere bazkaria ezin ospatzeak. Izan ere, helduok bazkaria eta arratsaldean poteoa ospatzen ditugu gehien bat”.
“Covid-ari aurre egiteko erarik onena jendea etxean geratzea da. Parranda arrasatearrekin egiten bada kutsatzeko arriskua egon badago, baina arriskutsuagoa da kanpotik jendea parrandara etortzen bada”.
“Nire gurasoak adibidez nire ondoan bizi dira, 85 eta 83 urte dituzte, egunero elkarrekin egoten gara, eta arriskutsua da nik parranda egitea. Denok dauzkagu adineko pertsonak familian edo inguruan”.

Jesús González:
“Ni kalera irtengo naiz baina uste dut jai girorik ez dela egongo. Izan ere, ez da ekitaldirik antolatu, miraria esaterako. Baina auskalo, agian jende bat behintzat kalera aterako da”.
“Penagarria da Maritxu Kajoi bezalako jai bat beti bezala ezin ospatzea. Nork jakin, agian azkenean pilaketak egon daitezke leku batzuetan. Batzuek botiloi egingo dute han edo hemen”.
“Ea koronabirusaren arazo hau azkar pasatzen den, eta ea datorren urtean Maritxu Kajoi orain arte bezala ospatzerik dugun”.

Justi Rubiales:
“Onena kalera ez irtetea da, baina seguruenik jende ugari aterako da, gazteak gehien bat. Euretako askok boteloia egingo dute han edo hemen”.
“Ondo iruditzen zait terraza batean zerbait edatea, betiere distantziak mantenduz, musukoa jarrita eta eskuak garbi. Arazoa ez okertzeko, onena da tabernek gauerdiko 24:00etan ixtea”.
“Diru nahikoa daukaten gazteek aprobetxatuko dute tabernak 24:00ak arte zabalik egongo direla. Uste dut horretarako diru nahikorik ez dutenek boteloia egingo dutela”.