“Zer deritzozu arduragabekerien ondoriozko erreskateak kobratzeari?”

5
1569

Gaurko kale-inkestan Txema Beitialarringoitia, Eli Garai, Rubí, Amaia Umerez eta Rosa María Sánchez-ek parte hartu dute.

Azkenaldiko elurteetan zenbait erreskate arriskutsu egin behar izan dira, antza mendizale batzuen ardura faltaren ondorioz. Eusko Jaurlaritzak erreskate horiek kobratzen ditu.

Rosa María Sánchez:

“Nire ustez neurri oso egokia da horrela jendeak ikasiko du mendira ez joaten baldintza txarrak daudenean. Izan ere, jendeak arauak betetzeko isunak eraginkorrak dira”.

“Kontuan hartzekoa da arduragabekerien ondoriozko larrialdiek arriskuan jartzen dituztela erreskatatzaileak. Hori da txarrena. Kontuan hartu behar dira larrialdietako gastuak ere (helikopteroa, 4×4 ibilgailuak,…)”.

“Mendira joan behar da baldintza egokiak direnean. Nire seme bat mendizalea da eta baldintza egokiak daudenean joaten da mendira”.

Txema Beitialarringoitia:

“Erreskate batzuk, ez badira arduragabekarien ondorio, ez dira kobratzekoak. Adibidez, kontuan hartu behar da pertsona batzuek mendian ganadua daukatela, eta mendira joan behar izaten dutela”.

“Beste erreskate batzuk, ordea, arduragabekerien ondorio dira, eta horiengatik kobratu beharko litzateke. Askotan aisialdian egindako arduragabekeriak dira”.

“Izan ere, mendira doazenek arduraz jokatu behar dute, eta argi izan behar dute nora joan daitezkeen eta nora ez”.

Amaia Umerez:

“Erreskate batzuek behar dituzten baliabide guztiak (pertsonak, helikopteroa,…) kontuan hartuta, baliteke erreskate batzuk kobratu behar izatea. Kasu horietan kobratzeak ez zait txarto iruditzen”.

“Gai honetan ez naiz aditua, eta ez ditut ezagutzen zenbatekoak diren ordaindu beharrekoak, baina ondo iruditzen zait neurriak hartzea arduragabekeriak egin ez daitezen”.

Rubí:

“Hemengo inguruko mendiak ezagutzen ditut, eta uste dut, elurteen arriskuaz ohartarazten dutenean, horren ostean mendira doazenek ez lukete mendi altuetara joan beharko. Izan ere, hemengo mendi txikiagoetan elurraz goza daiteke”.

“Mendiaz gozatu behar da, baldintzak horretarako aproposak direnean. Mendizale batek, arduragabe jokatzen badu, eta erreskatatu behar badute, uste dut erreskatea ordaindu beharko lukeela”.

“Ni osasuneko langilea naiz, eta jakin badakit erreskateko langileak bere burua arriskuan jartzen duela neurri batean pertsona bat erreskatatzeko”.

“Mendizaleak mendia ondo ezagutzen badu ere, mendiko baldintzak aldakorrak dira: zuhaitz bat gainera eror dakioke, lur-jausi bat egon,… Elurra izatean baldintzak okerragoak dira”.

Eli Garai:

“Batzuetan, baldintza txarren ondorioz, arriskutsuegia da elurretara joatea. Hori errespetatu behar da, zentzuzkoa da”.

“Baliteke jende batek konfiantza gehiegiz jokatzea, uste izatea berari ez zaiola ezer txarrik gertatuko, eta ondorioz arduragabekeriak egitea. Kinka larrian egotean seguruenik damutuko da”.

“Erreskatearen truke ordaindu behar badu, ba ordain dezala. Ez gara beste muturrera ere joan behar, hau da, ez gara mendira baldintza onenetan joatearen beldur izan behar”.

5 IRUZKIN

  1. Mendira bazoaz, federatu: Besaide Mendizale elkartearen bitartez egin dezakezu tramitea.
    Zergatik federatu? Segurtasuna bermatzeko.
    Edozein kirol egiterakoan, ez da ahaztu behar segurtasuna dela kontuan izan beharreko
    alderdirik garrantzitsuenetakoa. Federazio lizentziaren balio nagusia da harekin batera etortzen den asegurua.
    Federazioaren asegurua istripu asegurua da, mendizaletasuneko edozein jarduera egitean
    gertatzen diren istripuak estaltzen ditu, betiere hautatzen den estalduraren barnean sartuta
    egonez gero. Istripuetarako soilik da aseguru hau, ez ditu estaltzen kirol jardunarekin loturarik
    ez duten beste motibo edo egoera batzuengatik sortzen diren lesioak.
    Istripua izandakoen erreskatea: edozein bitartekoz eta tokitako erreskatea ere babestuta dago.
    Honen barnean dago helikopteroa nahiz hildakoen garraio-gastuak.

  2. Oso kaltegarria dela jakinik ere, tabakoa erretzea arduragabekeria al da? bere ondorio larrien tratamenduak guztiok ordaintzen ditugu.

    • 7 metroko olatuak daudenean ere surfeatu ahal da. Ez dakit gomendagarria den nahiz eta seguru bat izan.

  3. Federazioko seguruak mendiko istripuak bakarrik ordaitzen ditu, erreskatea arduragabekeri bategatik baldin bada eta istripurik ez bada egon, seguruak ez du ordaintzen…
    Arduragabekeria ez da mendira eguraldi txarra dagoenean joatea, material barik eta experientzia barik joatea da….

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen