“Zer deritzezu argindarra aurrezteko Gobernu espainiarraren neurriei?”

1
1355

Gobernu espainiarrak hainbat arau jarri dizkie enpresei, baita hainbat gomendio eman herritarrei ere. Horren inguruan galdetu dugu gaurko kale-inketan.

Eloy Marteache:

“Nik uste neurri hauek ezustean harrapatu dituztela hainbat sektore, ohi baino kontsumo handiagoa dagoen urteko sasoi honetan”.

“Izan ere, beroaldi handi batean gaude bai Espainian baita Europa osoan ere, eta Gobernu zentralak hartutako neurriengatik kaltetuta sentitu dira zenbait sektore”.

“Ni taberna eta terrazetan egoten naiz, eta baliteke taberna barrurako jarritako tenperatura pixka bat altua izatea, batez ere tabernako langileentzat”.

“Nik taberna barruan 20 minutu eman ditzaket, baina langileek 7 ordu jardun ditzakete bertan. Edonola ere, zerbait egin behar da neurrigabeko energia-kontsumoaren aurka, mundu mailan eta urtean zehar”.

“Hala ere, nik uste dut neurri askoz garrantzitsuagoak eta serioagoak har daitezkeela, orain hartu direnak baino. Izan ere, oraingo neurriak partxeak bezalakoak dira”.

“Nire iritziz, neurri hauek ez dute kontsumoarengan eta aurrezpenean eragin handirik izango. Gainera, neurrien “sustatzailea” gerra bat izan bada, non Mendebaldeko eta Ekialdeko interes ikaragarri garrantzitsuak dauden jokoan, horrek herritarrok jartzen gaitu lekurik txarrenean”.

“Batzuk energia nuklearraz hitz egiten hasi dira, merkeagoa dela esanez, baina hori oso arriskutsua da, kontuz, kontuz”.

“Gobernuaren neurriek nire etxebizitzan ez dute arazorik eragiten, aire giroturik ez dagoelako. Hala ere, neurriak kolektiboen egoeretara egokitu beharko dira”.

“Nik ez dut gidatzen, autobus publikoan askotan ibiltzen naiz, Bilbora joateko, Donostiara joateko,… eta uste dut autobusen barrualdeetarako proposatutako tenperatura zorabiatzeko moduakoa dela”.

“Neurriak sektoreetara egokitu behar dira, eta Gobernuak egokitzapenetara zabalik egon behar du. Edonola ere, nik uste uda igaro arte, urria iristean-edo, ikusiko dugula ea Errusiak gasa hornitzeari berrekingo dion edo ez, Txinak maniobrak Taiwanen egiteari utziko dion edo ez, yankeek mundu zabalean (beti bezala) zirikatzeari utziko dioten edo ez,… “.

“Argindarraren kontsumoari eta aurrezpenari dagokienez, uste dut epe motzera ez dela emaitza nabarmenik izango”.

“Hau da, betiko potentzia handien esku gaude, eta ‘Gerra Hotza’ amaitu zen arren, orain ‘Gerra Beroa’ datorkigu eta sufritzen hasiak gara”.

Raquel Alonso:

“Gu Erdiko Kalean eta Alde Zaharrean gaude, beraz dendako hormak oso zabalak ditugu, eta ondorioz aire giroturik ez dugu behar”.

“Udan normalean jendea dendara sartzen denean esaten digu ‘zelako hotz egiten duen hemen’ baina berezko tenperatura da, Erdiko Kalean baikaude”.

“Neguan, ordea, badugu arazo bat, Alde Zaharra leku hotza delako, eta berogailua egun osoan izan behar dugu piztuta. Gainera, kontuan hartu behar da gure kaleko atea askotan zabaltzen dela jendea dendara sartu eta irtetean”.

“Erakusleihoei dagokienez, nik uste orokorrean argiak piztuta izan behar direla, baina Arrasate ez da Madril, Bartzelona edota Donostia: herri honetan udan jendea egunerokotasunean ez da gauez kaletik ibiltzen, eta 20:30etik aurrera pertsona gutxi dabil”.

“Ondorioz, guk ez ditugu erakusleihoak argiekin piztuta izan behar. Normalean 21:00 arte piztuta izaten ditugu, baina beranduagora arte ez. Asteburuak salbuespenak dira, jende gehiago ibiltzen baita kaleetatik gauez”.

“Orokorrean, adierazi nahi dut Arrasateko herriko dendek hemen jarraitzen dugula”.

Segundo Uriarte:

“Nik uste beharrezkoa dela neurri horiek aurrera eramatea, baina oso zaila iruditzen zait neurri horien helburuak betetzea. Beharrezkoa da, baina nik ez dut agintariengan ia sinesten”.

“Eurek ez dituzte euren jardueretan neurri horiek aplikatzen. Murrizketa horiek aplikatzen lehenak agintariak, industriako jabeak, tamaina handiko komertzioen jabeak,… izan behar lirateke”.

“Adibidez, lehengo egunean Eibarren horrelako komertzio handi baten barrutik kalera aire oso hotza irteten zen. Ikusiko dugu ea neurri horiek gaurtik aplikatzen dituzten edo ez, eta ea gaurtik aplikatzen hasten badira, noiz arte aplikatuko dituzten. Edonola ere, garbi dago neurriak aplikatzea beharrezkoa dela”.

“Aldaketa klimatikoak gauza asko egitea exijitzen digu, baina uste dut herri handienek orokorrean ez dituztela egingo. Gainera, neurriak garaiz aplikatu behar ditugu, bestela egoerari ezingo diogu bueltarik eman”.

Mikel Elorza:

“Teknikari, aditu batzuek publikoki azaldu dute gomendio horiekin ez dela arazoa konponduko. Beste neurri batzuk hartzea beharrezkoa da, adibidez”:

“Teilatuetan eguzki-plakak edo plaka fotoboltaikoak jarri ahal izatea, baina Arrasateko erdialdean debekaturik dago. Ez dakit Udalak zer iritzi duen horren inguruan”.

“Nire iritziz, Sanchezen Madrilgo Gobernuaren gomendioek ez dute eraginik izango, beno eragin bat izango dute: langileek are baldintza txarragoetan lan egingo dute”:

“Aldea dago bulego batean eserita egotearen eta taberna batean edo denda batean lan egiten ibiltzearen artean”.

“Ikusiko dugu ea udako 27 graduak egokiak diren eta neguan 19 gradutan hotzak zauden edo ez. Izan ere, lokalean hezetasun handia baduzu, 19 gradu tenperatura hotzegia da”.

“Kontuan hartu behar da Arrasateko beheko lokal askok hezetasunaren arazoa daukatela. Hainbatetan neguan berogailua jarri arren, lokalean hotz egiten jarraitzen du”.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen