Sarrionandiak idatzita utzi zuen behin “Euskara da gure territorio libre bakarra”, eta besteren batek ere idatziko zuen “Hizkuntza da gure territorio libre bakarra”. Ez nago ados inondik inora ere esaera horiekin.
Irudiak: Bidein, El Economista.
Hizkuntzak, hitzak ez dira libreak izan behar, hitzak ahalik eta modu zehatzean erabili behar dira. Irakaslea izan naiz urteetan eta ikasle bat baino gehiago haserretu zitzaidan, esaldiren bat gaizki zegoela esaten nionean. Baina ohitu egin gara horrela funtzionatzen, hau da hitzak nahi dugun moduan erabiltzen eta azkenean Babelgo dorrea erori egiten da eta bat-batean ohartzen gara hitz batzuk ez ditugula ulertzen, eta horietako bat da EKOBULEBAR.
Arrasateko Udala oso ohituta dago hitzak asmatzen baino hitzei ezohiko esangura bat ematen, mendebaldeko kultur hizkeraren erabilera normaletik aldetzen direnak. Geografia pixka bat ikasi duenak badaki Elmako urbanizazioa ez dela zabalgune bat, Etxezarretan ez dagoela ibai ertzetako oihan naturalik, Kurtzetxikoa ez dela larra … eta horrelako adibide pilo bat eman genitzake.
Baina Ekobulebarra hitza aurkeztu digu udalak eta berarekin batera goiko argazkia edo irudia. Bulebarrak (boulevard) Parisen asmatu zituzten XIX. mendean eta hiri etorbide luzeak dira, arbolez inguratuta eta erdian espaloi zabal bat eta espaloi horren alboetan auto eta ibilgailuendako bideak. Goiko irudiak ez dira bulebarrak.
Baina, gu ekobulebarrekin gabiltza bueltaka, hau da argitu nahi dugun hitza. Non dago ekobulebarren bat? Argi apur bat egiteko eta imajinatzeko nolakoa izango den Arrasatekoa XXI. mendeko orakulo orojakileari egin diogu galde, Googleri. Eta erantzunak harrigarriak izan dira: Mexikoko Leon hirian era badaukate ekobulebarra eta hangoa lau erreieko autopista bat da.


Beste ekobulebar bat Vallecasen dago, aspaldikoa 2009tik daukate eta bertan arbola artifizialak eta ibilgailu eta oinezkoen espazioak bereizteko bankuak jarri dituzte. Egitura horri zuhaitz klimatikoa deitzen diote. Tamalez 2014an erre egin zen. Argazkia El Economistatik hartu dut. Uste dut geroago berriztatu egin dutela.


Zerbait gehiago jakiteko balio izan du lantxo honek? Hitz berarekin egin diren azpiegiturak hain diferenteak direnez ez dut uste ezer jakiteko balio duenik. Bueno balio du berresteko artikuluaren hasieran salatzen genuena: Berbena lurralde askeegia dela, libreegia.
Arrasateko Ekobulebarra, (Etxaluz- Maala) (sic) tartea diseinatu zuena 2018an Durangoko Bidein SL izan zen. Bere webgunean sartu gara eta ez dugu ezer aurkitu, eta Arrasateko Udalekoan ondorengo irudia eskaintzen digu:

Zelako diferenteak diren hiru ekobulebarrak! Idazteko modua ere finkatu egin beharko dute: Ecoboulevard, ekobulevar, ekobulebar… Baina argi dago hitz horrek dagoeneko ez digula ezer esaten eta egindako saio honek ere ez duela ezertarako balio izan. Txisteak kontatzen txarra naiz baina txiste moduan hartu, otoi!