Araudiaren arabera, udalerri mugakidea da “bizilekuaren ondoko udalerria, eta zuzenean sartzen da bertara, beste udalerri batzuetatik igaro gabe”. Hori argudiatuta, Ertzaintzak San Prudentzion zenbait arrasatear isundu ditu, edo buelta erdi ematera behartu ditu.
Jaurlaritzaren dekretuaren orain arteko 2. artikuluko 4. apartatuak baimentzen du “mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko mugikortasuna”, “lurralde historikoa edozein dela ere, gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko”.
Jaurlaritzak orain gutxi, otsailaren 26an, beste agiri bat eman du jakitera, herritarren ohiko galderak laburbiltzen dituena, eta herenegun (martxoaren 1ean) berretsi du dokumentua.
Bertan definitzen du zer den ‘udalerri mugakidea’ berarentzat: “Bizilekuaren ondoko udalerria da, eta zuzenean sartzen da bertara, beste udalerri batzuetatik igaro gabe”.
Definizio honen arabera, eta Arrasatetik Oñatira joateko Bergarako zati batean sartu behar denez (Epele eta San Prudentzio arteko errepide zatian), arrasatearrak ezingo lirateke Oñatira joan “gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoa egiteko”.
Baina definizioa adi irakurriz gero, ohartuko gara “udalerri batzuetatik” adierazten duela, pluralean, eta gure kasuan udalerri bat bakarrik igaro behar da (Bergara) Arrasatetik Oñatira joateko.
Pentsa liteke, itxiera horren arrazoia izatea Oñati gaur egun eremu gorrian egotea. Baina ez da hala: “Mugakide diren eta ohiko joan-etorriak dituzten udalerrien arteko desplazamendua, Lurralde Historikoa edozein dela ere, independentea al da bi udalerriek duten Intzidentzia-tasa metatuarekiko, banakako gizarte-, ekonomia-eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko? Bai”.
Jaurlaritzaren ‘udalerri mugakidea’ definizio horretan oinarrituta, Ertzaintzak azken asteetan isunak jarri dizkie Oñatira joandako zenbait arrasatearri. Beste batzuei, San Prudentzion, ez die baimendu Oñatin sartzea, eta arrasatear hauek buelta erdi eman behar izan dute.
Gai honen inguruan Ertzaintzari galdetu diogu, eta erantzun digu San Prudentzion jarritako isun-proposamenak “gutxi” izan direla, “salbuespenezkoak”. Halaber, argudiatu du isun horiek jarri dituela “Arrasatetik Oñatira joateko 3. udalerri batetik (Bergaratik) igaro behar delako”.
Halaber, Bergarako komisariatik adierazi dutenez, horrelako egoeretan “malgutasunez” jarduten ari dira, eta gogorarazi du joan-etorrietan “baimenak erakutsi behar direla”. Kontuan hartzekoa da isunak 600 eurokoak izan daitezkeela.
Gai honetan guztian, azpimarratzekoa da arrasatear askok ez dakitela Epele-San Prudentzio errepide zatia Bergara dela. Hala adierazten duen seinalerik ez dago errepidean.
Mugak begira, epeletik sanprudentziora doan errepidea, bergarako lurretatik doa baina, bidegorria lehen trenbidea zena, arrasateko lurretatik doa, errekak banantzen ditu.
Ta sanpruko rotonda ez al da Arrasate?
Ordun bergakuei be isuna oñatira jun ezkero?
Ta txantxikutarrak ezin ez bergara ez arrasatera jun?
Hortara heltzia be…
https://www.openstreetmap.org/relation/342579#map=12/43.0701/-2.4975
Ertzaintzak ohituta gauzka zoritxarrez jarrera zigortzaileetara, gai honetan ere bai. Badirudi beraien autoritatea azpimarratzea dutela ertzain batzuek helburutzat herriaren aldeko zerbitzu izaera azaltzea baino. Honek onura gutxi ikuspegi epidemiologikotik kasu honetan eta onura gutxiago gizarteari oro har.
Bestalde Arrasatetik Oñatirako bidea egitean honako udalerriak zapaltzen dira ordena honetan: Arrasate – Bergara – Arrasate (Elorregiko biribilgunearen zati bat Arrasate da) – Oñati, beraz isuna jaso duzuenok baduzue zer errekurritu.