Zeltak, akitanoak eta erromatarrak izenak ipintzen gure artean

3
2009

Ramon Ugalderen artikulu berria.

Gipuzkoako Izenak liburuaren proposamen etimolojikoak aztetzen jarraituko dugu. Saio honetan antroponimoetan jarriko dugu arreta.

Liburu horren arabera Bedoña eta Oñati jatorri zeltiarrekoak izan daitezke,

Jatorri erromatarra, edo bederen latindarrekoak Gellano, Leintz, Eskoriatza eta agian Marin izan daitezke.

Bedoñaren kasuan bere izenaren jatorria zeltiarra edo akitaniarra zitekeela aipatzen dute baina liburugileek nahiago dute jatorri erromatarra ontzat hartzea.

Oñatiren kasuan bi proposamen dituzte:

Hipotesi zeltiarra: Oñati leku izenean bi zati berezitzen dute: Oña/Onna zeltierazko( ez dituzte zehazten zeltieraren zein aldaeratan baina suposatu beharko dugu Galiako zeltiera dela) ibaia edo erreka eta Ti, lekua adierazten duen berrekailua.

Hipotesi antroponimikoa: Kasu honetan ere izena bi zatitan banatzen dute: Oña/Onna ona adjktiboaren nominalizazioa izango litzateke eta bokalen arteko n, ñ bihurtzea (palatalizazioa) eta Ti antroponimoei itsasten zaien berrekailua. Bestela Ti hori ere izan daiteke Ate ren bilakaera eta orduan Oña izeneko(jabetza?) baten atea litzateke.

Oñatin beraz ez dago oso garbi zeltiarrak izan ote ziren izena eman ziotenak edo Oña izeneko jauntxo batek. Edo Ona/Oña hori Baskoi edo keltoi ote zen ezin dugu zehaztu. Bedoñaren kasuan badirudi Vedonius erromatarrak Bedo akitaniarrak baino aukera gehiago daukala.

Baina erromatarrak nagusitu egiten zaizkigu Leintzaldeko gainerako gudu toponimikoetan. Hor ez dago euren lehentasuna eztabaidatuko duenik. Ale erromatarrak karanketan joango gara:

Eskoriatza: Latinezko escoriatik etorriko litzateke edo hizkuntza bereko aesculustik

Escoria da burdina urtzean geratzen den zepa (sepie) eta aesculus artea (encina). Tza ugaritasuna adierazten duen euskal atzizkia. Erromatarren garaian burdinaren fundizioa hain handia izango zen “eskoriak” horrenbeste ugaritzeko leku handi bati izena emateraino? Arteari dagokionez, Eskoriatzan arte banaka batzuk badaude nahiko mardulak baina lurra egokiagoa da beste zuhaitz mota batzuetarako.

Gellano: Leku honetan jaun erromatar batek bere jabetza edo fundus delakoa ezarri zuen. Nola zuen izena latifundista horrek? Caelianus, Michelenaren arabera eta Gellius autoreen arabera. Caelianus fundus edo Gellianus fundusetik sortuko zen Gellano. Gellianus izenaren alde egiten dute Salaberrik eta Zalduak.

Leintz: Kasu honetan jaun erromatar bat dugu Leintzalde osoari izena ematen etorria. Baina zein izen, Lenus edo Lenius? Eta autoreek esaten duten moduan jabe baten basterretxea izango litzatekeenez Leintz-en amaierako ITZ hori latinezko genitibotik atera dela ez dute zalantza egiten. Segurtasun gehiegi erakusten dute Gatzagako dorletan gatz larrainak aipatzen dituzten autore horiek inolako oinarririk gabe. Gatzagan gatza ez zuten ateratzen larrainetatik.

Marin: Izen honekin zuhurragoak dira eta esaten dute balitekeela Marius/Mario izeneko baten jabetzatik etorri daitekeela. (Villa) Mariani,Mariain, Mariein, Marin.

Noiz sortu ziren Eskoriatzako leku izen horiek? Erromatar Inperioa indarrean egon zenean eta beraz lurraren jabetza pribatua bermatuko zuen egoera batean? Eta erromatarren egitura militarra desagertu zenean jaun latifundista horiek horrenbeste indar izango zuten jabetzari eutsi eta izenari eusteko? Ez da erraza horrelako egoera historiko bat imajinatzea. Badakigu hurbileko hiri erromatara, Veleia abandonatua izan zela IV edo V. Menderako. Bagauden mugimendua eta kristautasun iraultzailea zabaldu zela. Gellaon, Leintzaldean, Marinen, edo Bedoñan esklabutzan oinarritutako nekazaritza jabetzak mantenduko zirela sinesgaitza egiten zait.

Eta bestaldetik, autoreek baztertu egiten dituzte fundus horien jabeak andrak zitezkeenik. Izan ere, erromatar eredua patriarkala zen baina emakume batzuen protagonismoa frogatuta dago. Horregatik Bedoña Vedoniaren jabetza izatea baztertzen dute.

Laburtzeko gure ingurura Lenus (Lenius), Gellus (Celius), Vedonius, Marius(?) erromatarrak etorri ziren, euren kontrolpeko lurraz jabetu eta izenak ezartzera eta Bedo akitaniarra Bedoñara.

Eta piskat lehentxoago iritsi ziren zeltiarrak (Keltoi) Bedus (lubaki) Onna( erreka) edo oina (jabetza) izenekin. Oña izeneko jaun bat ere txantxikuarren artean ibili zen. Bere jabetzaren atetik omen dator, eta hau euskalduna izan zitekeen? Ez dakigu.

Leintzaldeko mapa topografikoa XVIII. mendekoa

3 IRUZKIN

  1. Zein da zure iritzia guzti onen gainean?

    Nire iritziz proposamen horiek irain bat dira. Hori ontzat joz gero, zergatik ez dugu esaten Euskera ere hizkuntza latino bat dela? Guztia latina edo zeltiarra baldin bada, zer da euskera ba? Nik ez dakit zer erre duten tipo horiek. Mitxelenaren lanetan oinarritzen dira baina, egin al dute esfortzurik toponimia horiek euskeraz esanahirik duten aztertzeko? Ni flipatzen nago.

    Leintz bailarari buruz posibilitate bat Le anitz-en murrizketa bat izatea da. Le zuloa da, eta Leintz Bailara zuloz josita dago Gatzagatik Arrasatera. Leize-n ikusi dezakegu le hori. Eta Leku hitza ere ziur asko Le hortatik etorriko da. Nik ikusi dezaket hori, eta ez naiz ikerlea.

    Hauen adibideak ikusita, neure buruari galdetzen diot, Udalaitz zer izango da? Udalius latifundista baten izenetik ateratakoa? Udelnius agian? Edo Udelanus?

    Har dezagun hitz bat. Latinezko spiritus-a, adibidez. Euskerazko Izpiritua. Izpiritu-k ‘izpi’ dauka, izpia, izpilu bezala. Eta sakonago joanda Iz ikusi genezake. Izar. Izen. Izadi. Izan. TximIZta, IrIZtu etab etab etab. Euskal oinarrizko erro bat, Iz, esanahi konkretu bat duena, ikusten dugu Izpiritu hitzean, eta zentzua dauka izpiritu hitzean. Beraz, nola hartu du hori euskerak latinetik? Ez hankarik ez bururik.

    Goikoa bezalako adibide soil bat ikustea nahikoa litzaieke liburuaren idazleei Mitxelenaren teoriak zalantzan jartzeko. Baina ezta inola ere! Dogma de fe.

    Nork esango luke, euskaldunak euskeraren kontra egiten, euskaldun guztion zergekin ordainduta.

    Negar egiteko modukoa da.

  2. Euskaltzaindia eta Euskal Filologiako fakultatea (k) ez dira erakunde serioak eta horregatik egiten dituzte holako barregarrikeriak. Eta euskal historiaz diardutenak ere antzerakoak…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen