Zeelanda Berrian konfinatutako arrasatearrak etxean dira azkenean

0
2451

Atzo gauean heldu ziren 40 bat orduko bidaia egin ondoren. Arantzazu Zubizarretarekin hitz egiteko aukera izan du Mondraberrik.

Zeelanda Berrian konfinatutako bederatzi arrasatearrak etxera itzuli ahal izan dira azkenean. Taldeko kide batekin, Arantzazu Zubizarretarekin hitz egiteko aukera izan du Mondraberrik. Arantzazuk azaldu duenez, “bidaia luzea izan da, 17 orduko hegaldia Doha-ra, eta bertan 9 orduko eskala egin dugu. Harritu gaituena dena hutsik egotea izan da. Ondoren, 9 orduko hegaldia egin dugu Madrilera. Ondoren, Arrasatera ekarri gaituen autobus bat hartu dugu”.

9 arrasatearren taldea Zeelanda Berrira joan zen martxoaren 5ean, herrialdea ezagutzeko asmoz, hil bereko 27ra arte. Arantzazuk azaldu digunez, “martxoaren 24ra arte egoera normala zen. Orduan hasi ziren lehen kasuak, eta dena itxi zuten. Guk zortea izan dugu, eta gure hotela irekita egon da”. Eskularruak eta maskarak lortu ahal izan zituzten hotelaren inguruko farmazietan, euren burua babesteko. “Eskularruak lortzea izan zen gehien kostatu zitzaiguna, leku batzuetan agortuta zeudelako. Bazar batzuetan maskarak eta eskularruak ere bazituen, baina negozioa egiteko aukera aprobetxatzen zuten”.

Arantzazu oso eskertuta dago Ruta10 agentziak etxera ekartzeko egin duen lanagatik: “Kontsuletxetik hitz onak baino ez ditugu jaso, ez dute ezer egin gu handik ateratzeko. Agentziari esker etxean gaude berriro. Gure poltsikotik ordaindu behar izan ditugu hotelean izan ditugun egonaldia luzatu diren egunak eta bueltatzeko bidaia”.

Arantzazuk esan digunez, medikuen aldetik inolako adierazpenik jaso ez duten arren, “berrogeialdi berezia egingo dugu, itzulerako bidaian beste pertsona batzuekin harremanetan egon ginelako. Oraingoz denok ondo gaude”. Bestalde, herritik eta Mondraberritik jasotako babesa eskertu nahi izan du Arantzazuk.

Erlazionatutako albistea:

Zeelanda Berrian konfinatutako 9 arrasatearrek laguntza behar dute

2020ko martxoaren 25ean argitaratutako albistea

Zeelanda Berriko arrasatearrei Qatarren eskala egiteko hegaldia ere bertan behera utzi diete

2020ko apirilaren 1ean argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen