Gaurko kale-inkestan Pio Azkarate, Dani Balas, Sandra Jesus eta Pio Azkaratek parte hartu dute. Gaia gaurkotasun handikoa da: koronabirusaren ondorioak.

Jose Luis Goitia:
“Nire iritziz erabakia amankomunean hartu beharra dago, denoi eragingo digulako. Prebentzio bezala, neurri eraginkorrena da jendea etxean geratzea, koronabirusa pasatu arte”.
“Herritarra adi egon behar du adituek esaten dutenari, eta jarraibideak bete behar ditu. Denok gauzak ondo egin behar ditugu”.
“Erabakia amankomuna izan behar du, eta ondorioz ez du balio enpresa batzuk martxan egotea eta beste batzuk ez, denda batzuk zabalik egotea eta beste batzuk ez,…”.
“Italiako eskarmentua ikusita, neurri gehiago hartzea beharrezkoa da hemen ere. Kontuan hartu behar da Italia ez dagoela hemendik oso urrin”.
“Gainera, garrantzitsua da herritarrak erabiltzen dituen gauzak garbitzea, baita adituei kasu egitea ere”.

Dani Balas:
“Bote prontoan, aurreikusten genuena baino askoz azkarrago zabaltzen ari da koronabirusa. Denbora laburrean gureganaino iritsi da, eta orain ahalegin handiak egiten dabiltza gaixotasunaren aurka”.
“Nik espero dut jendeak adituen aholkatuak bete ditzala (adibidez eskuak sarritan eta ondo garbitzea) eta beste pertsonak errespeta ditzala”.
“Hau da, ez baduzu nahi beste batek zu kutsatzea, ez egin zuk beste pertsona bat kutsa dezakeen zerbait. Errespetu kontua da”.
“Pertsonok bata bestea laguntzen badugu, eta gauzak ahalik eta ondoen egiten baditugu, koronabirusa gainditzea lortuko dugu”.

Sandra Jesus:
“Denok gure esku dagoena egin behar dugu, eta adituen jarraibideak betetzen baditugu egoera hobetuko da. Garrantzitsua da ere alarma ez piztea, jendea beldur gaudelako”.
“Komertziook beldur gara koronabirusaren ondorioak zein izango diren ez dakigulako. Lasai egon behar dugu, babes-neurriak eta garbitasun-neurriak bete, eta horrela arazoa gaindituko dugu”.

Pio Azkarate:
“Gauza berri bat da eta ez dugu kontrolatzen. Suposatzen dut ematen ari diren aholkuak zientifikoen eta medikuen ezagutzetan oinarrituak direla. Beraz, kasu egin behar eta egiten ditugun gauzak zaindu”.
“Osasun larrialdi egoera deklaratu dute, baliteke, jendea gehiago kontzientzia dadin, eta jendeak jarraibideei kasu gehiago egiteko”.
“Badirudi gaia oso azkar doala, eta badirudi bihar edo datozen egunetan neurri gogorragoak hartuko direla”.