Ostegunetik (ekainaren 1etik) aurrera zabalik izango da Herriko plazan Garagardo Azoka, ARTek antolatuta. Banana Shake musika taldeak bertan joko du, besteak beste. Mojategiko berdegunean, berriz, emakume eta gizonen lehiaketa izango da, eta beteranoen partidarik ez da faltako.
Kartela: Arrasate Rugby Taldea / Argazkia: MB artxiboa.
Uda iristear da, eta ekaina hastearekin bat, etorri badator arrasatear ugariren urteroko hitzorduetako bat: Garagardo Azoka.
Arrasate Errugbi Taldeak antolatuta, aurten XXIII. edizioa beteko du eta, beste behin, Herriko Plazan instalatuko den karpa arrasatear ugariren eta Arrasatetik kanpotik etorritako lagunen bilgune bilakatuko da hiru egunez: Ekainak 1, 2 eta 3.
Urtero legez, XXIII. Garagardo Azoka ostegunean zabalduko da, arratsaldeko 19:00etan, hain zuzen. Horixe izango da irekiera ordua ostiralean eta larunbatean ere. Plazaratuko direnek estilo ezberdinetako garagardoak dastatzeaz gain, sabela bapo betetzeko parada izango dute. Ohi bezala, musikarik ez da faltako giroa are alaitzeko, tartean AZ Gaubelak ekimenaren eskutik.
Arrasate Errugbi Taldeak jakitera eman du 2.300 garagardo litrotik gora izango direla azokan baita 600 botilatxo ere. Jakiei dagokienez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 576 txerri-ukondo, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta 14 patata kaxa erosi ditu.
Horiek guztiak Herriko Plazako karpan sukaldatuko dira, eta “kopuruak iazkoen antzekoak dira”, ARTko lehendakaria Ramon Barrutiak azaldu duenez.
Ohi bezala, kirolak ere bere tartea izango du XXIII. Garagardo Azokaren baitan eta, ildo honetan, osteguneko jardunaldian, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, herri-kirolak izango dira Herriko Plazan. Egun horretan bertan ere, eta tradizioari eutsiz, udal-ordezkariek karpan bertan afalduko dute.
Dena den, kirolak, eta kasu honetan errugbiak, bere protagonismorik handiena zapatuan izango du. Eguerdian beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin, 12:00etan hasita, Gaztediren kontra. Ondoren, bi taldeek elkarrekin bazkalduko dute Herriko Plazako karpan.
Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, zazpinako txapelketaren txanda izango da. Oraindik talde guztien izen-ematea itxi barik dagoen arren, gizonezkoetan Hernani eta 18 urtez azpiko Euskal Selekzioa izango ditugu, besteak beste. Emakumezkoetan, berriz, Hernani edota Bera Beraren mailako taldeek hartuko dute parte.
Ondo pasau!
