Zatoz Euskaraldian Entitate modura nola parte har dezakezun ezagutzera

0
828

Ia 25 entitatek eman dute izena dagoeneko Arrasaten. Euskaraldiaren bigarren edizioan entitate modura nola parte hartu daitekeen eta izena emateko zer egin behar den ezagutzeko aurkezpen irekiak egingo dira uztailaren 23an, 15:30ean eta 19:00tan Kulturateko Areto Nagusian.

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da euskaraldiaren bigarren edizio. 4 hilabete eskas gelditzen dira beraz, euskal gizarteriak euskara bere ahora eta ondokoaren belarrietara eramateko ariketa soziala berriz ere egiteko.

Aurtengo edizioak Ahobiziak eta belarriprestak izango ditu berriz ere oinarri, baina badauzka bi berritasun nagusi: batetik, 11 egunetik 15 egunetara pasako garela ariketa egitera eta hortik dator aurtengo leloa: “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”; bestetik norbanakoen zutabeari (izan ahobizi edo belarriprest) bigarren zutabe bat gehituko zaio: entitatena. Banaka euskaraz egiteaz gain, taldetan ere egin nahi dugu.

Edozein entitatek parte har dezake. Izan daiteke lantegi bat, kultur edo kirol talde bat, taberna bat, denda bat… Egin beharreko bakarra, Ariguneak sortzea izango da, hau da, euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea. Hori nola egin behar den azaltzeko, Arrasateko Euskaraldiak entitateetako kideentzako bi aurkezpen ireki egingo ditu:

  • Uztailak 23: 15:30ean, Kulturateko Areto Nagusian
  • Uztailak 23: 19:00tan, Kulturateko Areto Nagusian

Parte hartu nahi duten entitateek irailaren 27ra arte izango dute izena emateko aukera, baina ez galdu denborarik, etorri guregana, ezagutu zer egin behar den, oso erraza baita. Ia 25 entitatek eman dute izena gure herrian dagoeneko. Zuk ere har dezakezu euskararen aldeko konpromisoa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen