Zapatuan abiatuko da TAO, lehen bi hilabeteetan probaldi bezala

0
1307

Udalak iragarri du probaldi honetan “ez dela isunik jarriko, soilik abisuak eta gomendioak egingo dira”. Oraingoz 1.500 Bertako Txartel tramitatu dira. Ordainketak egiteko ‘Arinpark’ aplikazioa ere abiatuko du Udalak.

Argazkia: MB artxiboa / Beheko testua: Udala.

Larunbat honetan, abenduak 4, jarriko da martxan TAO sistema berria. Hori bai, probaldian jarriko da indarrean, bi hilabetez. Udalaren helburua da herritarrek OTA sistema berria ezagutzea, bere egitea, aparkaleku motak lokalizatzea beren ohiko eremuetan… finean, sentsibilizatzea. Hori jomuga, ez da isunik jarriko, soilik abisuak eta gomendioak egingo dira.

TAO makina guztiak operatibo jarriko dira, berriz ere, abenduaren 4an, herritarrentzako beharrezko informazio eta argibide guztiekin. Otero zerbitzua ere larunbat honetan jarriko da abian, hauek ere herritarrei laguntzeko eta argibideak emateko.

Egun bat lehenago jarriko da martxan aparkatzea baimenduko duen app-a: arinpark. Helburu nagusiena erabiltzaileei ahalik eta erraztasun handienak jartzea da. ‘Arinpark’ aplikazio berri honekin, erabiltzaileak makinara hurbildu gabe ordain dezake, eta gero, epea pasatzen zaionean, dagoen tokitik luzatu dezake ere. Gainera, ez da beharrezkoa tiketa edo agiria autoan uztea. Android, IOS eta Windows Phone mugikorretan erabili ahal izateko prestatuta dago aplikazioa.

Udalak berretsi du probaldia ere sisteman beharrezkoak diren doikuntzak eta egokitzapenak egiteko baliatuko dela, izan ere TAO sistema erraminta bizia da, zeinak gure herriko trafiko fluxua baretu eta herri atseginagoa ekarriko digun. Zentzu honetan TAO-tik kanpo geratu diren hainbat kale eta auzoetako eskaria jaso da euren kaleetan ere TAO ezartzeko eta eskaera horiek guztiak aztertuko dira dagokion egokitzapenak egiteko sisteman.

Udaletik gogoratu nahi da doako aparkatzeko 2 gune egokitu direla, 3. bus linea azkarrarekin lotuta: Arruenan eta Etxagibel Notarioa kalean kokatuak.

1.500 Bertakoentzako txartel tramitatu dira
Udalak TAO Egoiliarren txartelak ateratzeko aukera urriaren 4an zabaldu zuen, eta honezkero 1.500 Bertakoentzako Txartel baino gehiago tramitatu dira. Aukerak zabalik jarraitzen du Olarte Kaleko 16. zenbakian kokatua dagoen TAO bulegoan.

Herritarrekin bat osatutako sistema
2020ko urtarrilean partaidetza-prozesu zabal bat jarri zen abian, herritarrekin TAO sistema modu partekatuan lantzeko. Aldez aurretik, Arrasateko egungo egoeraren diagnostikoa egin zen, bai trafikoarena bai dauden aparkalekuena, eta TAOren hasierako proposamena egin zen, partaidetza-prozesuaren oinarri gisa erabili zena. Parte hartzeko bideak ireki ziren herritarrei informazioa bideratzeko eta emateko, bai eta iritziak eta eskariak jasotzeko ere (sare sozialak, online bideak, postontzi fisikoak). Eztabaida eta hausnarketa kolektiborako aurrez aurreko jardunaldi irekiekin amaitu zen prozesua.

Guztira, 600 ekarpen baino gehiago jaso ziren prozesua martxan egon den 2 urtetan zehar, gure udalerrian mugikortasun-eredu jasangarriagoa eta oinezkoentzat atseginagoa eraikitzeko helburuarekin, autoen fluxua murriztuz.

TAO Bulegoa
TAOren informazio bulegoa Olarte kaleko 16. zenbakian dago kokatua. Telefonoz (943 101006) ere egin ahal izango dira kontsultak. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo www.arrasate.eus webgunera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen