Zalduspeko autobus geltokia dela eta EH Bilduk testu berria plazaratu du

14
2582

Testua: Arrasateko EH Bildu

Aurreko asteburuan, Arrasateko udal gobernuko kideak herriko kronika eta medio guztietan agertu ziren Zalduspen kokatu asmo duten autobus geltokia dela eta. Artikulu haietako pare batean, EH Bildu ere aipatu zuten Garibai eta inguruetarako plazaratu dugun Laubide proiektuaren harira. Hori dela eta, ñabardura batzuk egin beharrean gaude. 

Lehenik eta behin, aukera bakarra izan dugula udal gobernuarekin Laubide proiektuaz hitz egiteko eta ez dela egon haren aldetik benetako konpromisorik gure proposamenak aintzat hartzeko. Puntu oso zehatz batzuen inguruan soilik erantzun ziguten eta oso azaletik hori ere. 

Moratoria bat eskatu genien Ekobulebarreko obrarentzat, ezertan hasi aurretik zer egitera goazen ondo pentsatzeko denbora izan genezan.  Baina, hara non ikusten ditugun egun gutxira hondeatzaileak jo ta ke lanean, aurrez ezarritako data baino hilabete lehenago.  

Eta gaur gaurkoz, halaxe jarraitzen dute, martxa onean lanean, zonaldeko zenbait puntutan ikus daitekeenez. Paradoxikoa da gero erritmo horretan aritzea, obra egiten dabilen enpresa Kulturolakoan sekulako atzerapena daraman berbera izanik.  

Bestalde, Udal gobernuarekin izandako bilera hartatik ez genuen inondik inora ondorioztatu euren proiektua eta geurea osagarriak zirenik. Esan ziguten behar bada, epe luzera, gure proposamenetako batzuk aintzat hartuak izan zitezkeela. Horraino.    

Hori ez da inolaz ere osagarriak izatea. Gainera, gure ustez, Laubide eta Ekobulebar proiektuek apenas dute ezer komunean, antagonikoak baitira oinarritik hasita. 

Ze obra burutuko da azkenean Garibai-Biterin? Jatorrizko proiektuarekin jarraitu eta autobus makrogeltoki bat bilakatuko da, errotondatzar eta guzti, ala aldatu egin dute hasierako asmoa? Obra hastear den honetan, norbaitek badaki?   

Arrasatearrei gure proiektua azaltzeko ahalegin berezia egiten ari gara. Aldizkaria banatu dugu etxez etxe, www.laubide.eus webgunea sortu dugu, proiektuak bete-betean eragiten dien bizilagunekin bilerak egiten gabiltza… Eta, egiari zor, herritar askoren babesa jasotzen ari gara, ikusten dutelako Laubide proiektua jasangarria dela eta herria nabarmen hobetzen lagunduko lukeela. 

Asteburuko kronika horietako batean, udal gobernuko kideek diote autobus geltokiari kokapen berri bat emateko Plan Orokorraren barruan eremu batzuk birkalifikatu egin beharko liratekeela, horretarako denbora asko beharko litzatekeela eta gaiari buruz herritarrei galdetu nahi dietela. Ez al dute pentsatu hori aldez aurretik egin beharko litzatekeela eta ez gero, behin obrak eginda?  Hori bakarrik behar genuen, Ekobulerra egiten dirutza gastatu eta gero, damutzea eta eremu batzuk aldatzen hastea are diru gehiago xahutuz. 

Bestalde, Plan Orokorrean zerbait aldatu edota birkalifikatu beharko balitz, ba egin egiten eta kito. Komeni zaigunean agudo azkar moldatzen ditugu ba planak.  

14 IRUZKIN

  1. Hainbeste kexa egin beharrean, zegatxik ez dau Bilduk bere proiektua argi azaltzen.
    Edo Autobus Parada Magiko bat atara bihar dabe poltzikotik.

    • Udaletxearen partetik erantzun bat itxaroten gabiltza herritar asko (eta asko pnvrengan konfidantza jarritakiak). Eta erantzun beharrean, propaganda merkea eta argazkiak besterik ez ditugu ikusten. Laubide proiektuak argia dakar, udaletxeko zuribeltzeko iluntasunaren alboan

    • Bilduk ezin hobeto azaldu dau bere proiektua. Gustokoa euki zeinke edo ez, baina aurkezpena ezin hobea da.
      Udaletxearen partetik, aldiz, txapuza galanta, ulertezina dana eta inprobisazioz josita.

  2. Norbaitek hemen zerbait argi azaldu badu, Bildu izan da. Bideo bat eta guzti atera dute, eta oso argi azaltzen da bertan zein den Laubide proiektuarekin egiten duten proposamena.
    Ekobulebarra aldiz, inork ez dakigu zer den ere. Kapituluka ari dira anunziatzen, bakoitzean propaganda eginez gainera.

  3. Udaletxearen proiektua argia da: Garibai eta biteri etorbideak berrurbanizatzea, bidegorria txertatzea, Villa Amparon ur Parke bat egitea, zuhaitz berriak landatzea eta Autobus geltokia hobetzea. Zer da garbi ez dagoena?

    • Garibai eta biteri berrurbanizatzea zer da?
      Bidegorria txertatzea? Nun, noraino?
      Villamparoko ur parkearen inguruko azalpenik non jaso daiteke?
      Autobus geltoki definitiboa non doa?

      Orain galdetu ezazu berriz. Zer da garbi ez dagoena? Faborez!

        • Noticias de Gipuzkoakek ez du azaltzen ezertxo ere ez. Publizitate itxuradun “albisteak” esaten du bidegorria Maiatzak 1 plazatik Maalara iritsiko dela, gero bidegorriez txintik ere ez. Zehazki nondik joango den albiste honek ez du inondik inora zehazten. Hor amaitzen da bidegorri sarea? Inork ez daki, albiste honek ez du argitzen, Bilduk argi eta arbi azaldu ditu.

          Bus geltokia eraberrituko dela esaten da, non kokatuko den ordea ez du azaltzen. Alkateak berak aitortu du Moyuari 1.729.079(+BEZ) ordaindu ostean, gerora erabakiko duela non jarri bus geltokia, Salduspekoa si cuaja aurrera, bestela auskalo… Hau eskandalo bat da!

          Ur parkearen inguruan dakigu 18 jolas egongo direla, baina datuak hor arte iristen dira. Zein gastu izango du urtero? Jasangarria da? Horiek ezkutatzen dira eta hurrengo datorrenak jan dezala orain gaizki neurtutakoak.

          Ecobulebarrarekin Roneok rotonda itxura hartuko du blokeen bi aldeetan busak geldituko direlarik. Eta guzti hau ez dator Noticias de Gipuzkoako albistetik, hau egunerokotasunean iristen zaizkigun notizia txikietatik dakigu.

          Propagandaren Arrasate eta Arrasate errealak ez dute zerikusirik. Informazio gutxi eta marketing asko du alkate honen politikak.

        • Interneten edo aldizkari pribatu baten?, obrak urtarrilan hasiko direla? Galdetu villa amparokoei noiz hasi zituen Moyuak Kulturoña geldi daukanean. Gezur asko eta inprobisazioa nonahi eta marketing asko Ubarretxenakin

    • Mesedez…!!! Norentzako da ona ekobulebar hori? Zer gertatzen da nafarroa etorrbidearekin? Ur parkea ala bidegorria egiten ari dira? Gipuzkoa etorbidea itxi behar dute berriz kaosa sortuz? Trafikoa nundik bideratu behar dute? Gelmarako zer irtenbide? Zenbat errai eta ze norantzetan? Otalora lizentziadunatik datorren trafikoarekin zer? Aldaiko etxeak marginatuta jarraituko dute oinezko eta karritoak dutenentzat? Gelma-musakola konexioa? Bidegorriak nondik doaz? Aparkalekuak sortu ala kendu? Abiadura limitea ezarriko da? Espaloi gehiago? Non?

      Galdera asko ta erantzunik ez. Bitartean gure dirua xahutzean dabiltza eta ez dakigu zertarako

  4. Zer uste du gobernu honek? Marina D’or-en gaudela?
    Kudeatzeko gauza garrantzitsuagoak egon badaude herrian.

  5. Goienan ikusi nuen alkatearen proiektuaren argazki bat, Villa Amparoko ur parkearen argazkia zirudien… baina resulta beste herri bateko Ur parke bat zela. Ez zen sikiera benetako plano edo krokis bat. Non ikusi daiteke proiektua? non dago pentsatuta autobus geltokia? ez dut ulertzen, alkateak pasa den astean geltokiaren kokalekua herritarrekin kontsulattuko zuela ulertu nuen eta obrak hasita badaude???
    Nik ez dut horrelako ur parkerik nahi, garestiegia iruditzen zait urtean 2 hilabetez erabiltzeko. Gainera, aiton amona batzuei umeekin jolastea gustatzen zaigu eta Munarreko oilotegi hori ez da batera aproposa guretzat. Adin batentzako umeentzako da eta urtean 2 hilabeterako. Guztiengan pentsatu behar da herriko puntu eder horretan edozer astokeri egin aurretik. Onartzen dut askori gustatzen zaiola, eta bozkatu duguna hori dela, postureo deitzen dioten gobernatzeko formak. Alkateak obrak piloa egin ditu eta jendea ez da oso kritikoa izan hobeto egin ahal ziren edo ez, agian aurreko gobernuek ez zutelako ezer egiten? edo jendearen kriterioa eta exigentziak gero eta eskasagoak dira? ondo ala gaizki, dirua obretara bideratzearekin nahikoa al da? Ez dut esan nahi gendea tontoa denik, baina benetan kontziente gara horrelako ur parke patek zenbat diru balio duen (400.000 jartzen zuen Munarreko panelean) eta zenbat gauza egin daitezkeen diru horrekin eta leku horretan, niri ondo edo gaizki iruditzen zait esan aurretik? dirua gurea dela ahaztu egiten zaigu edo ez dakit… astakeria iruditzen zait. Behin galdetu nuen zenbat diru ematen duen Udaletxeak multikirolari, bere garaian guztiz finantzatzen zuen Udalak eta gaur egun miseria bat ematen duela urtean esan didate. Ondo iruditzen zaizue ur parkeetako kloroan, milaka umerentzako multikirolean baino diru gehiago gastatzea? benetan hori nahi dugu gure umeentzat?

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen