Zaintzaren publifikazioa aldarrikatzeko urtarrilaren 26an greba berriz ere [Testua: ELA]

0
141

Urtarrilak 26an mobilizazio orokorra Donostian izango da eta sindikatu eta eragile sozial desberdinek ekitaldia egingo dugu toki desberdinetan. Gero Alderdi Ederren elkartuko gara bakoitza bere blokean, 12etan. ELAren ekitaldia 10.45etan hasiko da Gipuzkoa Plazan.

Azaroaren 17an egindako grebaren ondoren, ELAk berriz ere zaintza esparruko hainbat sektore grebara deituko ditu urtarrilaren 26an. ELAk greba dinamika mandenduko du duintasunez zaindua izateko eskubidea bermatuko duen eta zaintzaleak zainduko dituen eredu bat erdietsi arte.

ELAk urtarrilaren 26rako greba orokorra deitu du lan merkatu formal prekaritzatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Grebara deituta daude 40.000 bat langile.

Urtarrilaren 26an beste eragile sindikal batzuek ere greba deituko dute EAEn,. ELArentzat berri pozgarria da eta ziur gaude eguneroko ere borroketan denok jarrera bera mantenduko bagenu zaintza ereduaren aldaketa askoz hurbilago izango litzatekeela.

Urtarrilaren 26a mobilizazio eguna izatea nahi dugu, ez soilik sindikatuontzat, baita zaintzaren gaiarekin ardura duten eragile guztientzat ere. ELAk egun horretan, bereziki, kaleak partekatu nahi ditu etxeko langileen elkarteekin, mugimendu feministarekin, zaintza esparruko senideen elkarteekin zein pentsionisten mugimenduarekin.

Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da.

Jadanik agortutako zaintza ereduak bere mugak inoiz baino argiago pandemia honen baitan erakutsi ditu. EAE estatu independiente bat balitz munduko hilkortasun tasa handiena izango genuke Belgikaren ondoren, eta gogoratu nahi dugu gaixotutakoen herenak merkantilizatutako zaintza esparruan lan egiten duela edo bertako zerbitzua jasotzen duela. Zaintza eredu honek gaixotu eta hil egiten du. Ezinbestekoa da zaintza sistema desmerkantilizatzea eta horretarako grebara deitutako esparruen berehalako publifikazioa exijitzen dugu.

Zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua.

Mobilizazio ziklo honetako aldarrikapenak hauek dira:

1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).

2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne. 

3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).

4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza. 

5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.  

6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez. 

7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bedren pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Aliantzak ehuntzen jarraitzeko unea dugu; aldarrikapenak plazaratzeko unea, gizarteak une historiko honen kontzientzia hartu eta urrats bat egin dezan aurrera. Hori baita gizarte justuagoa lortzeko modua, non giza-eskubideak beste edozein interesen gainetik kokatuko diren. Bizia erdigunean izatea ez dadin eslogan hutsa izan, bizitzak kapitalari gain hartu diezaion.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen