Zaintza Sare Herritarra zerbitzuak birmoldatzen

0
1227

Testua eta irudia: Zaintza Sare Herritarra.

Zaintza Sare Herritarra abiatu genuenetik 70 egun baino gehiago pasatu dira dagoeneko eta hainbat izan dira modu komunitarioan antolatu eta eskaini ditugun zerbitzuak. COVID19ak eragindako krisialdiak agerian utzi ditu beste behin sistemak dituen hutsuneak eta egitura-arazo larriak, are gehiago bistaratuz arrakala sozioekonomikoa eta horrek eragindako herritarren premiak. Egoera honetan agerian gelditu da beste behin zaintza krisi baten barnean bizi garela eta ez dugula baliabiderik honi erantzuteko.

Zaintza Sare Herritarraren orain arteko ibilbidean, elkartasunez eta auzolanean herritarren premiak asetzen aritu gara: erosketak egin, arreta psikologikoa eskaini, haurren zaintza eta eskolako lanekin lagundu… Hau da, krisiari erantzun kolektiboa ematea beharrezkoa ikusi dugu. Hala ere, egunetik-egunera herritarren premiak aldatuz joan direla antzeman dugu eta beharrezkoa ikusten dugu gure zerbitzuak birmoldatzea.

PSIKOLOGIA ZERBITZUA

Psikologia zerbitzuari dagokionez, bi hilabetez telefono bidezko arreta psikologikoa eskaini ondoren, esan dezakegu zerbitzuak harrera ona izan duela bailarako herritarren artean. Hainbat pertsonen laguntza-eskaerak erantzun ditugu eta gaur egun sostengua eskaintzen jarraitzen diegu pertsona batzuei, eta bestalde, Gizarte Zerbitzuekin koordinazioan aritu gara herritarren premiak aztertu eta lankidetzan erantzun ahal izateko.

Azken asteetan, ordea, deskonfinamenduarekin eta itxita egon diren zerbitzuen irekierarekin batera, psikologia zerbitzuan laguntza-eskaerek behera egin dute nabarmen. Hau horrela, uste dugu momentua iritsi dela psikologia zerbitzua behin-behinean eteteko. Argitu nahi dugu Zaintza Sare Herritarraren baitan jositako psikologo bolondresen sarea ez dela desegingo eta etorkizunean sor daitezkeen herritarren beharretan ere elkar zaintzeko gertu egongo garela, ezinbestekoa deritzogulako pertsonak eta bizitzak erdigunean jartzea.

Azkenik, psikologoak osasun profesionalak garen aldetik, salatu nahi ditugu osasun profesional askok bizi dituzten lan-baldintza prekarioak eta osasun sistema publikoan eta erakundeetan azaleratu diren gabeziak. Gainera, aldarrikatu nahi dugu pertsonen osasun integrala aintzat hartuko duten zerbitzu publikoak bermatzea herritarrei, osasun mentaleko profesionalen lana balioan jarriko dutenak.

EROSKETA ZERBITZUA

Erosketa (eta zabor) zerbitzuari dagokionean, eskaera berriak jada ez dauden arren, badaude bolondresak pertsona eta familia desberdinei erosketak egiten jarraitzen dietenak. Deseskalada faseek aurrera egin ahala, eskaerak ere behera egin dute, hala ere, argi dago oraindik ere herritarrek erakunde eta instituzio publikoek betetzen/asetzen ez dituzten beharrak dituztela, horren erakusle dira Zaintza Sare Herritarreko bolondresek familia hauekin egiten diharduten jarraipena.

Bestalde, Caritaseko Bidean proiektuaren barruan ere, bolondres talde batek harreman zuzena egin du bertako erabiltzaileekin eta mintza praktika saioak egiten dabiltza maiztasun desberdinekin.

Azkenik, bi hilabetez geldi egon zen elikagai bankua maiatzean jarri zen berriz martxan. Caritas, Harreman eta Udalarekin elkarlanean elikagaien kudeaketa eta banaketan Arrasateko Zaintza Sare herritarreko bolondresek parte-hartu zuten lehen aldiz maiatzean, eta ekaineko banaketan ere bertan egongo gara.

Aurrera begira, erosketa zerbitzutik elikagai bankuak martxan jarrai dezan beharrezkoa duen elkarlanari eusten eta mintza praktika saioekin jarraituko dugu. Konfinamendua amaitu den arren, jakin badakigulako Arrasatear askok egoera gordinean jarraitzen dutela eta herritarren beharrei erantzuteko ekintzetan elkarlana ezinbestekoa dela oraindik ere.

HAURREN ZAINTZA ETA ETXERAKO LANEKIN LAGUNTZEKO ZERBITZUA

Haurren zaintza eta etxerako lanekin laguntzeko zerbitzuari dagokionez, martxan jarri genuenean ia ez genuen eskaririk jaso. Hala ere, denborak aurrera egin ahala, geroz eta eskari gehiago jasotzen hasi ginen eta boluntario berriak lortzeko deialdia ere egin behar izan genuen. Eskaera gehienak etxerako lanekin laguntzeko boluntarioen beharragatik izan dira.

Argi ikusi dugu hezkuntza sistema birpentsatzeko garaia iritsi dela. Izan ere, asko dira arrazoi ezberdinengatik hezkuntza sistema honetatik kanpo gelditzen ari diren haur eta nerabeak. Hau ez da ezer berria, orain gehiago azaleratu den arazo estruktural bat baizik. Krisi garaietan ohikoa den bezala, arazoak agerikoago bihurtu dira orain. Esaterako, argi geratu da beste behin arrakala digitala deritzona; hau da, maila sozioekonomikoagatik teknologia berriak ezin eduki izatea, hain zuzen ere. Kasu hauetan, gainera, funtsezko eskubide bat urratua izan da: hezkuntzarena.

Eskolako laguntza honekin kurtso amaierara arte lanean jarraitzea aurreikusten dugu; hau da, ekainaren 19ra arte. Argi dugu guk egindakoa momentu jakin honi erantzuteko laguntzazkoa izan den arren, asko dagoela egiteke oraindik. Administrazio publikoek erantzukizun zuzena dute Arrasateko ikasleek ikaskuntza prozesuarekin jarraitu dezaten.

Bestalde, bigarren batxilergoko ikasleekin batera Arrasateko Apunte Bankua ere sortu dugu. Hau herriko ikastetxe ezberdinetako apunteak elkarbanatzeko txokoa da. Izan ere, jakintza denona eta denontzat izan behar denaren konbentzimendu osoa daukagu, hau da, jakintza kolektiboa dela uste dugu. Eta horretarako funtsezkoa da partekatzea, eztabaidatzea, zalantzan jartzea… Hau da, elkar zaintza eta jakintzaren kolektibizazioa ardatz dituen apunte bankua da hau eta, gainera, herritar ororentzat dago eskuragarri.

Konfinamendu garaian aritu garen moduan, jarrai dezagun komunitateetan antolatzen, kalean borrokan eta elkar zaintzen. Datorrenari elkarrekin erantzun behar diogu, inor atzean utzi gabe. Horretarako, beharrezkoa da bizitza eta zaintza erdigunean jarriko dituen sistema baten alde lanean jarraitzea. Izan ere, krisi honi erantzun diogun moduan jarraitu behar dugu aurrerantzean ere: bizitza modu kolektiboan sustengatzen eta erakundeei beraien lana egin dezaten interpelatzen.

Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiegu hilabete hauetan komunitateko esparru desberdinetan lanean ibili diren pertsona guztiei, zuek gabe guzti hau ez litzateke posible izango eta. Eskerrik asko Arrasate

Elkar zaindu dezagun

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen