“Zaintza profesionala, unibertsala eta duina” aldarrikatu dute grebalariek

0
940

ELAk deituta, pertsonen zaintzako greba egiten ari da gaurkoan. Sektore horretako “drama” plazaratu dute bilkuran. “Gutxieneko zerbitzuak ia %100koak badira, hain esentzialak garenez, zergatik ez digute lan-baldintzak hobetu nahi?”.

Gaurko grebara ELAk gehienbat dei egin die “egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten langileei: adinekoen egoitzetakoak, etxez etxeko langileak, adin txikikoak zaintzen dituztenak, aniztasun funtzionala dutenekin lan egiten dutenak, …”.

Aldarrikapen argi bat plazaratu dute: “Zaintza profesionala, publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea”.

Arrasaten zenbait zerbitzutako langileak deitu dituzte grebara, besteak beste, Etxez Etxeko Zerbitzua eta Iturbide egoitza. Aita Menniko langile-borrokak bide propioa hartu duenez, Ospitaleko langileak ez dira grebara deituak izan. Dena den, bertako zenbait ordezkari sindikalek bilkuran parte hartu nahi izan dute.

Aretxabaleta eta Eskoriatzan Etxez Etxeko langileek hiru urte daramatzate euren lan baldintzak hobetuko dituen hitzarmenaren alde borrokan. “Herritarrentzat hain beharrezkoa den zerbitzu baten, horrelako eredua nahi al dugu? Hau da benetan gizarte honek merezi duen eredua eta hainbeste defendatzen duzuena?”.

Bilkurak gogoan izan ditu Etxe barruko langileak: “Ez zaie greba eskubidea aitortzen, ez zaizkie euren eskubideak bermatzen, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute”.

Covid-aren testuinguruan “jasaten ariko diren abusuak, zapalkuntzak” gaitzetsi dituzte. “Hemendik besarkada bero bat bidaltzen dizuegu. Zuek ere protagonistak izango zarete greba honetan”.

Greba honekin sektore honek bizi duen “drama kalera atera nahi izan dugu, aldarrikapen zehatz batzuekin”:

  1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak…)
  2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.
  3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).
  4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
  5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.
  6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.
  7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean behintzat pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Zaintza sektorean gutxieneko zerbitzuak “oso altuak dira, ia %100ekoak edo %100ekoak, egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lan egiten dugulako. Hain esentzialak bagara, zergatik ez dute gure lan-baldintzak hobetu nahi?”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen