“Zaintza eta etxebizitza izateko eredu ezberdin bat da cohousing-a”

0
796

Cristina Cuesta Lerin adituak azaldu duenez “cohousing-eko partaideek euren arteko babes komunitate bat osatzen dutela”. Gehitu duenez, bizimodu “osasungarriagoa eta ekonomikoagoa da”.

Arrasateko Nagusien Kontseiluak antolatuta, gaur arratsaldean Cohousing-aren inguruko hitzaldia egin da Kulturaten.

Kontseiluak azpimarratu du fenomeno hau “gaurkotasunezkoa eta alternatiboa dela, ohiko egoitzen alternatiba”.

Cristinak esperientzia dauka egoitzen zuzendaritzan, eta asistentzia zentroen kudeaketan eta kalitatean aditua da.

Cohousing funtsean “beste zaintza eredu bat da, etxebizitza izateko eta bakardadeari aurre egiteko beste formula bat, baita landa-eremuan ere”.

Gune horietan “etxebizitza ezberdinak daude baina etxebizitza ezberdinek zerbitzuak eta beste espazio komun batzuk partekatzen dituzte”.

Cristina Cohousingspain proiektukoa da, eta egitasmo horrek 3 urte daramatza martxan. “Nik adinekoen egoitzako zuzendari bezala lan egin dut” eta “hain asistentziala ez den eredu bat” hobesten du.

Kontuan hartzekoa da “gaur egun egoitzetan erabiltzaileen mendekotasuna oso altua dela”, eta herritarrek oro har ondoko arazoak dituzte:

“Herritarrek gero eta bakartuago sentitzen dira, etxebizitza bat lortzeko zailtasun asko dituzte eta herrixkek gero eta biztanle gutxiago dituzte”.

Horren aurrean, “cohousing-eko partaideek euren arteko babes komunitate bat osatzen dute”. Gaur egun adineko pertsonak “lehengoak baino jakintsuagoak eta exijenteagoak dira, eta beraz bestelako eredu bat eskatzen dute. Erabaki nahi dute”.

Covidaren ondorioz, “etxebizitzetako eta egoitzetako gabeziak agerian geratu dira. Eta osasun-politikak ez zeuden gizarte-politikekin ondo lerrokatuta”.

Konfinamenduaren garaiotan “bizilagunen arteko harremanak handitu dira, telelana posible dela ikusi dugu eta landa-eremua gehiago baloratu da”.

“Gero eta argiago dago arreta pertsonan zentratu behar dela, ez programetan orain arte bezala, betiere bere eskubideak eta ahalmenak bermatuz”. Elkarbizitza komunitario mota ezberdinak daude:

  • Zerbitzudun etxebizitza komunitarioak
  • Elkarbizitza unitatedun egoitzak
  • Belaunaldi ezberdinen arteko komunitateak
  • Hibridoak
  • Cohousinga

Baina eredu honen aldeko hautua egin dutenek “oztopoak izaten dituzte. Horregatik pertsonak elkartzeko plataforma hau sortu genuen, informazioa eta babesa jendartean zabalduz”.

Espainiar estatuan 300dik gora cohousing proiektu zeuden martxan 2020ko amaieran, eta adinari dagokionez “gero eta anitzagoak dira”.

Beste era batera adierazita cohousinga “pertsona komunitate bat helburu eta balore amanakomunak dituena, autogestioaren bitartez antolatua”.

Sorrera prozesuan “lehenbiziko fasean pertsonek elkar ezagutzea oso garrantzitsua da”. Baina eredu hau “60etan sortu zen Danimarkan, emakumeak lan-munduratzen hasi zirenean”. Ikerketek ondorioztatzen dutenez “cohousingean bizitako pertsonek osasun hobea dute”.

Gune hauen diseinuak “pertsonak elkartzera bideratuta egon behar du beti”. “Funtsean bizitza-proiektu bat da, batez ere jubilaziotik aurrera begirakoa”. Orokorrean ondorengo ezaugarriak ditu:

  • Komunitatea sortu
  • Balore eta helburu komunak
  • Elkarbizitzara bideratua
  • Pribatutasuna eta amankomuna errespetatzea
  • Kideen independentzia ekonomikoa
  • Autogobernua, autogestioa
  • Demokrazia
  • Iraunkortasuna

Bertan balore ohikoenak “eskuzabaltasuna, elkartasuna, ardura, konpromisoa eta duintasuna dira”. Edonola ere, “bertan etxebizitza erosita, alokatuta,… bizi daiteke” eta kooperatiba bezala ere “funtziona dezake”.

Cohousingaren eta coliving-aren arteko ezberdintasun nagusietako bat da “bata epe luzeragokoa dela eta bigarrena aldi baterako”.

Testuinguru honetan “mendekotasuna eta heriotza bi tabu dira, baina horietaz hausnartu beharra dugu, eta gure bizitza etorkizunera begira antolatu”. Norberaren aurretiazko borondateak “komunitatearekin partekatu behar dira”.

Bide honetan, zaintza kolektiboa lortzeko “garrantzitsuena da talde kultura bat garatzea, eta hori irakaspen oso polita da, enpatia, komunikazioa, rolen banaketa,… erabilita”.

Cohousing batek funtziona dezan “lan egiteaz gain, eta elkar ondo ezagutzeaz gain, oso garrantzitsua da elkarrekin ondo pasatzea”.

Proiektu hauetan normalean “ekarpen ekonomiko bat egin behar da, eta hobe da apurka-apurka egitea, diru guztia kolpe batez ordaintzea baino”. Oro har, bizimodu hau norberaren ekonomiarentzat “ekonomikoagoa da”.

Lorpenak izateko “oso garrantzitsua da Administrazio publikoarekin harremanak izatea, baita arauak egiten dituztenekin ere”.

Cristina Cuesta Lerinek martxan jarritako zenbait cohousing adibide jarri ditu, Nafarroako Arterra Bizimodu eta Bartzelonako La Borda Bartzelona esaterako.

“Gero eta errazagoa da cohousing proiektu bat abiatzea, aholkularitza gero eta profesionalizatuagoa baitago”. Horretarako, “Europar Batasuneko fondoetatik diru ugari iritsiko da”, eta cohousingaren abantailetako bat da “alderdi politiko guztien gustukoa dela”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen