“Zailtasunez beteriko” aurtengo urtean emandako laguntza eskertu die ARTek bazkide eta laguntzaileei

0
615

Testua: Isei Barbero – ART / Argazkia: ART artxiboa.

Astearte honetan -uztailak 13- Ohiko Batzar Orokorra burutu du Arrasate Errugbi Taldeak. Iaz, pandemia zela eta, online eran egin ostean, aurten berriro ere Mojategin bildu dira klub zuri-moreko bazkideak, Zuzendaritza Batzordearen kideek emandako azalpenak bertatik bertara jarraitzeko. “Ezohikoa eta zailtasunez beterikoa” bezala definitu dute amaitu berri den ikasturtea, non “Covid-19aren pandemiak dena baldintzatu duen”.

Txikiak izan badira ere, arlo ekonomikoan galerekin amaitu du ekitaldia Arrasate Errugbi Taldeak, 1.000 euro baino zertxobait gehiagoko diru-galerekin, hain justu ere. Orotara 40.000 euro pasatxo gastatu ditu 2020-2021 denboraldian ART-k , kopururik handiena entrenatzaile eta monitoreen nominetara (22.783 €) eta jokalarien fitxetara (8.596 €) bideratutakoa.

Diru-sarrerak, aldiz, 39.224 eurokoak izan dira. Hemen pisurik handiena jokalariek kuotek izan dute, 13.069 eurorekin. Diru-laguntza publiko zein pribatuekin 11.000 euro pasatxo ingresatu ditu ART-k, eta azpimarratzeko moduko diru-iturri ere izan da bazkide-laguntzaile txartelak eta loteriarekin irabazitakoa (4.697 €), hala nola klubeko materiala eta garagardoarekin (3.442 €) lortutakoa.

Arlo ekonomikoan “oso zaila” bezala definitu du urtea Ramon Barrutia buru duen lantaldeak, eta horretan berebiziko garrantzia izan du Garagardo Azoka egin ez izanak, aurreko ekitaldietako diru-iturri nagusia. “Zorionez, gure babesleen laguntzari esker, eta marketineko taldeak burututako ekimen berrien bitartez, kalte ekonomiko hori murriztu ahal izan dugu”

2021-2022 ekitaldirako ia 60.000 euroko aurrekontua finkatu du Zuzendaritza Batzordeak, “kirol arloan klubak bizi duen une gozoari garrantzia emate aldera“, arlo horretan gastuak handituz. Zentzu honetan, gastu horri aurre egiteko, Arrasate Errugbi Taldeko agintariek “ezinbestekotzat” jo dute XXII. Garagardo Azoka egitea.

Kirol arloan balantze positiboa

Kirol arloan lortutako emaitzekin “oso pozik” agertu dira Zuzendaritza Batzordeko kideak, arlo honetan ere denboraldia “ezohikoa” izan baita pandemiaren ondorioz. Senior mailako jokalarien erdiak lehiatzeari uko egitearen ondorioz Ordiziarekin elkarkidetza hitzarmena sinatzea adostu zutela azaldu dute eta, honen baitan, lehen taldeak 13 partidu jokatu ditu, denboraldia laugarren postuan amaituz.

Emakumezkoen taldeak emandako lehenengo urratsak ere ekarri dituzte gogora, “etorkizuneko oinarriak finkatzen ari direla” azpimarratuz. “18 urtez azpikoetan izan ditugu lau jokalariak Ordiziarekin aritu dira, eta horietatik hiruk Euskal Selekzioarekin lehiatu dute Espainiako Txapelketan”, gaineratu dute. 16 urtez azpikoetako 12 jokalariek formatu txikiko lehiaketan jokatu dute, eta 14 urtez azpikoetan zein Errugbi Eskolan burututako entrenamendu saioak ere “positiboki” baloratu dituzte, hala nola errugbi inklusiboko lau lansaioak ere. Azkenik, klubeko historian aurreneko aldiz, Morgana Via eta Ane Rincon emakumezkoen Euskal Selekziarekin aritu izana ere ekarri dute gogora.

Esku artean dituzten zenbakien arabera, Arrasate Errugbi Taldeak datorren denboraldian 132 jokalari izango ditu orotara, seniorretan “seguruenik” talde propioa eta emakumezkoetan partekatutakoa aurreikusten dutela. Testuinguru honetan, “inguruko ikastetxeetan errugbiaren sustapena berreskuratzea klubaren biziraupenerako oinarrizko erronka” dela azpimarratu dute. Klubeko webgune eta irudi korporatibo berriak, bazkide berriak erakartzeko kanpaina edota beteranoen parte hartzea sustatzeko ekimenak ere izan dituzte mintzagai gaurko batzarrean.

arrasaterugbytaldea.com

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen