Arrasateko Udal Euskaltegiak zabalik du 2026/2027 ikasturterako aurrematrikula egiteko epea. Euskara ikasi edo hobetu nahi duten herritarrek dagoeneko eman dezakete izena, eta aurrematrikulak hainbat abantaila eskaintzen dituela nabarmendu dute arduradunek.
Batetik, ekainean edo uztailean aurrematrikula egiten dutenek %10eko deskontua izango dute matrikula formalizatzen dutenean. Bestetik, aurrematrikulatutako ikasleek lehentasuna izango dute taldeak osatzeko garaian, eta horrek erraztu egingo die nahi duten ordutegia eta ikasketa-erritmoa aukeratzea.
Datorren ikasturteari begira, gainera, Udal Euskaltegiak Euskara Bonoa jarriko du martxan hasierako mailetarako. Euskaltegitik bertatik informazioa eskatzeko gomendatu dute, kasuaren arabera abantaila ekonomiko garrantzitsuak egon baitaitezke.
Udal Euskaltegiak maila guztietako ikastaroak eskaintzen ditu, erritmo desberdinetan. Aurrez aurreko eskolaz gain, autoikaskuntza aukera ere badago, euskaltegiko ordutegia eta norberaren egunerokoa uztartzeko zailtasunak dituztenentzat.





