Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroak Arrasate eta Aretxabaleta bisitatu ditu gaur

0
2171

Yolanda Diaz Lan eta Gizarte Ekonomia ministroa Aretxabaletan eta Arrasaten izan da gaur Mondragon Taldearen jarduera bertatik bertara ezagutzeko, eta “etorkizuneko gizarte ekonomiaren esparruan Jaurlaritzarekin irekitako lankidetza ildoetan sakontzeko.”

Goizean Copreci bisitatu du Aretxabaletan, eta ministroarekin batera Iñigo Ucin Arrasateko Kontseilu Nagusiko presidentea, eta Copreciko ordezkariak egongo dira. Ondoren, Otalora Jauregira joan dira, eta bertan Mondragon Taldeko eta Lagun Aroko ordezkariekin bildu da.

Otaloran egindako lan-saio honen aurreko prentsaurrekoan, “gure gizartea hobetzen saiatzeko eragile ezberdinekin lankidetzan aritzeko prest” dagoela adierazi du Ucinek, eta ministroa Mondragonera hurbiltzea baloratu du, “lankidetza publiko eta pribatuak duen funtsezko garrantzia azpimarratuz, bereziki egoera honetan”.

Bere aldetik, Diaz pozik agertu zen “Mondragon lehen eskutik ezagutzeagatik, eta ordezkatzen duenari balioa emateagatik; izan ere, proiektu hori pertsonengan eta enpresen arteko lankidetzan oinarritzen da, lehiakorra eta nazioartera zabaldua”. Era berean, “gizarte ekonomiak bere osotasunean duen eginkizuna kontuan hartu behar da, baita ezarri behar dugun eraldaketa ekonomiko eta sozialerako egiten duen funtsezko ekarpena ere”.

Gaur arratsaldean, Diazek Mondragon Unibertsitateko instalazioak bisitatuko ditu Arrasaten, eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektorearekin eta Mikel Alvarez Mondragon Unibertsitateko presidentearekin biltzeko aukera izango du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen