Yaima Orozco kubatar trobadorea ‘Siempre 26’en ariko da, Iratin

0
361

Guajira, boleroa, habanera, tangoa, folklore latinoamerikarra eta bossa-nova jorratzen ditu, baita rock eta jazz apur bat ere. Silvio Rodriguez edota Ines Osinagakin aritutakoa da. Kontzertua Ferreriasko jaien testuinguruan ospatuko da.

Kartela: Irati taberna.

Yaima Orozco Gálvez (Santa Clara, 1980) konpositore, abeslari eta gitarrista dugu, eta adituek diotenez “bere belaunaldiko kantautore kubatar nabarmenetakoa da”.

Trobadoreen tradiziotik edaten du, eta ondoko estiloak jorratzen ditu: “guajira, boleroa, habanera, tangoa, folklore latinoamerikarra eta bossa-nova, baita rock eta jazz apur bat ere”.

La Trovuntivitis kolektiboarekin ere parte hartu du, eta besteak beste, Silvio Rodriguez edota Teresa Parodikin aritua da.

Gainera, Ines Osinaga Urizarrekin kolaboratu izan du, sortzaile arrasatearraren ‘Itsasoa da bide bakarra’ diskoko ‘Dena aldatzen da’ kantuan.

Yaimak bere bosgarren diskoa grabatua du, ‘Mi libertad’ izenekoa eta Alfred Artigas kataluniarrak ekoiztutakoa. Uda honetan Europan bira emango du eta bihar Arrasaten izango dugu:

Ferrerias kaleko ‘Siempre 26’ jaiaren testuinguruan, kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da Iratiko terrazan.

Bartzelonan, Bilbon, Okzitaniako Tolosan, Madrilen,… ere kontzertuak eskaintzekoa da bira honetan.

Halaber, Kubatar Iraultzaren inguruko urteurrena dela, gaur (uztailak 25) dokumental emanaldia eta hitzaldia izango dira, Iratin bertan, 18:30etik aurrera.

Bihar elkarretaratzea egingo da ordu berean Herriko plazan, blokeoaren aurka, Askapenak eta Iratik antolatuta.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen