Argazkiak: Arima Galduak.
Jugger 1989tik 1995era Alemanian sortutako kirol jarduera bat da, ‘La sangre de los heroes’ filmean oinarritua. Errugbiko elementuak eta esgrima uztartzen ditu. Trebetasunean eta estrategian oinarritzen da, ez jokalarien indarrean. Araudiak une oro mugatzen ditu kolpe gogorrak eta jokalarien arteko kontaktu fisikoa. Bost jokalariko bi talderen arteko harremanetarako kirol mistoa da.
Bergaran Arima Galduak Jugger kirol kluba jarri dute martxan, San Martin Agirre ikastetxean entrenatzen dute asteburuetan goiezeko 10:30etik 12:30era. Arrasaten ere erakustaldi bat egin zuten ekainean. Juggerrari eta klubari buruz hitz egin dugu Xavi Sauri arrasatearrarekin.

Zer da Jugger eta nola jokatzen da?
Alemanian sortutako kirola da, Europatik hasi eta munduan zehar pixkanaka zabaldu dena. Hona 2006 urtean iritsi zen. 5 pertsonako bi talderen artean jokatzen da. Taldeko korrikalari bat daukagu, eta horiek dira Jugg-a harrapatzeaz arduratzen direnak, hau da, pilota.
Jugg-a zelai erdian jartzen da eta talde bakoitza mutur batean jartzen da. Gainerako lau jokalariek kortxoz egindako armekin doaz, igerilekuetan erabiltzen dena bezalakoa, banbuzko makila batzuk biguntzen dituztenak.
Kirol honetan ez dago minik hartzeko arriskurik, ez baitago baimenduta aurkaria gogor jotzea. Lau jokalari hauen lana korrikalaria defendatzea da, aurkako taldearen oinarrian gola egin ahal izateko. Korrikalaria da armarik eraman ezin duen bakarra.
Taldeak mistoak dira, eta 12 urtetik aurrera praktikatu daiteke. Gure klubean jokalari gazteenak 13 urte ditu. 14-15 urtetik aurrera joka daitezke txapelketak.

Nola ezagutu zenuen Juggerra, eta zerk bultzatu zintuen kluba martxan jartzera?
Jessica taldeko kapitainari esker ezagutu nuen. Berak kirol hau Bilbon antolatzen den Euskal Encounterren probatu zuen Jugger Bizkaiak egindako erakustaldi baten. Gustatu zitzaion eta talde bat sortzea erabaki zuen. Hala, nirekin eta lagun talde batekin harremanetan jarri zen, eta azkenean praktikatzea erabaki genuen. Duela bost bat urte.
Juggerraren ofizialtasuna lortzeko asmoz sortu genuen kirol kluba Eibarren. Bertan hasi ginen entrenatzen lehendabizi, eta Bergaran gero, hor entrenatzeko zelaia baitaukagu. 2019 patrozinatailea ere lortu genuen edari marka baten eskutik, eta ekipazioarekin laguntzen digu.

Ba al dago lehiaketarik estatuan edo nazioartean?
Leon, Santander eta Zaragozan prestatu diren txapelketetan ibili gara, eta hurrengoa Valladoliden jokatuko dugu.
Alemanian 2020ko udan mundiala jokatzekoa zen, 126 taldek parte hartu behar genuen. Covid-ak sortutako pandemia dela eta bertan behera gelditu zen, eta ez dakigu uda honetan jokatu ahal izango den. Euskadin lau talde daude, bat Gasteizen, bi Bilbon eta gu Gipuzkoako bakarra. Donostian talde bat izan zen, baina 5 hilabete baino ez zuen iraun. Teruelen bigarren talde bat daukagu: Arima Galduak B.
Badago Espainiako Jugger Federazioa, eta gu bertako kide gara. Nahiz eta kirol gaztea den, honezkero ehun bat talde ditu aktibo eta 500 jokalari baino gehiago Estatu osoan zehar. Urtean zehar 20 lehiaketa baino gehiago jokatzen dira.

Ekainean Arrasaten erakustaldi bat egin zenuten, besterik egiteko asmorik daukazue? Kirol hau praktikatzeko edo ezagutzeko interesa dutenek nola jar daitezke zuekin harremanetan?
Arrasaten beste erakustaldi bat egiteko asmoa daukagu, baina oraindik ez dakigu noiz. Bestalde, gurekin harremanetan jarri nahi dutenek Arima Galduaken Instagram eta Facebook bidez ere egin dezakete. Jendea probatzera animatzea nahi genuke, eta zenbat eta pertsona gehiagok ezagutu kirol hau, bada hobeto.