Xanti Iparragirre zendu da, Almen Bertso Eskolaren sortzaile, lehenbiziko bertso eskola

0
1582

Euskal Herriko lehen bertso eskola sortu zuten diktadurapean, 1974an, Xantik berak, Patxi Goikolea arrasatearrak eta Juanito Akixu eskoriatzarrak.

Argazkia: MB artxiboa.

Xanti Iparragirre Perurena Orereta-Errenterian jaio zen 1939an eta Eskoriatzara ezkondu zen 1959an. Bost seme-alaba izan zituzten.

1974an Almen ikastetxean bertso eskola sortu zuen Xantik, Patxi Goikolea arrasatearrarekin eta Joanito Akizu eskoriatzarrarekin batera. Hirutek irakasle jardun zuten bertan. Eskola horretan ikasi zuten:

Jon Sarasuak, Ainhoa Agirreazaldegik, Felix Iñurrategik edota Danel Goikoleak, besteak beste. Argiako Amets Arzallus kazetariak, Xantiri egindako elkarrizketa batean oinarriturik, ondokoa adierazi zuen:

“Talde giroa egitea izan zuten helburu, bertsoaren bidez euskara eta euskal kultura lantzea, eta horretarako txapelketak prestatzeko elkartea afariak antolatzen zituzten, afalostean bertsotan jarriz ikasle gaztetxoak eta afaldu aurretik pilotan arituz”.

Xantik kooperatiben munduan lan egin zuen. 1981ean, 47 urte zituela, bere baserrian ETAren armategi bat atzeman zuten poliziek, eta bere familia atxilotu zuten. Berak Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen.

Bere alaba Marixol Iparragirre Genetxea da, ETAko militante historikoa, besteak beste, erakundearen desegitearen berri euskaraz eman zuena. Estatu frantziarrean kondena bete ostean, estatu espainiarrera estraditatu zuten eta oraindik espetxealdian da.

Xantik bi estatuen kartzela-erregimenaren aurkako mobilizazio ugaritan parte hartu du, Arrasateko ‘enkarteladetan’ esaterako.

2011 urtean Maritxu Kajoi Komisiñuaren omenaldia jaso zuen, Patxi Goikolea eta Juanito Akixurekin batera Nobenaixuan. Hirurei enbutu bana jantzi zieten, herritarren txalo artean. Omenduek esker ona agertu zuten, bertsotan.

Bertsolari ezaguna gaur hil da Eskoriatzako baserrian, eta azken agurra bertako elizan egingo diote, etzi, urtarrilaren 4an, arratsaldeko 19:00etan. Doluminak familia eta lagunei, lurrak goxo har zaitzala Xanti.

Informazio zabalagoa hemen klikatuz