Xabiren 2 golek erabaki dute lehia, eta Mondratek sailkapeneko 2. darrai

0
406

Arkaitz Ribera entrenatzailearen taldeak Ribabellosaren defentsa itxia gainditzea lortu du, 4 eta 2 irabaziz. Horri esker, sailkapeneko bigarren postuari eusten dio. Datorren asteburuan Kukuyagaren aurka Etxebarrin.

Talde zuri-moreak gaur arte jokatutako azken 11 partiduetatik 8 irabaziak zituen. Eta beste taldeek, hori jakinda, defentsa itxiak planteatzen dizkiote.

Arabako Albardero-Ribabellosa taldeak gauza bera egin du gaur arratsaldean Musakola kiroldegian jokatutako partiduan.

Estrategia horrek onuragarria izan zaio partidu ia osoan, eta partidua bina berdinduta iritsi da lehiako azken minutuetara. Ordura arteko etxekoen golak Jokin Zeziaga ‘Zezi’k sartu ditu.

Arkaitz Ribera entrenatzaileak, arabarren defentsa itxia gainditzeko eta garaipena lortzeko, atezain-jokalari sistema aukeratu du, eta emaitza onak eman ditu:

Izan ere, bukaerarako 4 minutu falta zirela, Xabi Gorroñogoitiak gola sartu du, eta 3-2koa jarri du markagailuan. Areago, minutu bat geroago gauza berbera egin du, eta 4-2koarekin erabaki du lehia.

Garaipenari esker talde zuri-moreak sailkapeneko 2. postuan jarraitzen du, eta igoera faserako txartela lortzeko aukerak ditu.

“Hala ere, oraindik igoera faserako asko falta da – azaldu du Arkaitz Ribera entrenatzaileak – eta liga luze egin ohi da”.

“Gainera, neurri batean, talde sorpresa izan gara eta ondorioz talde aurkariek gauzak oso zail jartzen dizkigute”.

Datorren jardunaldian Mondratek Kukuyagaren aurka neurtuko ditu indarrak, Etxebarrin, oraingoz 11. postuan dagoen taldearen aurka.

Arkaitz Riberak gogora ekarri du “eurek lehen itzulian hemen irabazi zigutela, eta hangoa ere partidu zaila izango da”.

Entrenatzaileak eskerrak eman dizkio “guri animatzera etortzen den publikoari, etxeko eta kanpoko partiduetara”. Aupa Mondrate!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen