Xabier Etxeberria: “Jokalariek ilusio handia dute berriro jokatzeko”

0
1444

Espainiako Futbol Federazioak atzo iragarri zuenez, txapelketa ez-profesionaletan ez da jaitsierarik izango aurten.

Martxoaren 8an kirol-lehiaketa guztiak bertan behera utzi ziren Covid-19aren ondorioz. Kaltetutako taldeen artean Mondra dago. Atzo Espainiako Futbol Federazioak ohar bat atera zuen txapelketa ez profesional guztien amaiera ofiziala iragarriz. Gainera, aurten ez da jaitsierarik izango.

Mondraberrik Xabier Etxeberria Mondrako presidentearekin hitz egiteko aukera izan du aste honetan, denboraldi honetarako amaieraren inguruan. Jaitsierarik ez izateko aukerari dagokionez, honako hau adierazi zuen: “Amaiera hau aukeratuz gero, kategoria bakoitzak 20 edo 22 talde izango lituzke. Orduan arazoak izango ditugu datekin. Normalean, data libreak izaten dira Konstituzioaren zubian edo Gabonetan, baina bertan behera gelditutako partidak jokatzeko utzi ohi dira.”

Egoera honetan, Mondra datorren denboraldia prestatzen hasi da. “Hasi gara lehenengo taldeko jokalariekin hitz egiten, datorren urterako zein asmo dituzten jakiteko, jarraitu behar duten futbolean, edo eskaintzarik daukaten.” Etxeberriak azpimarratu duenez “jokalariek ilusio handia dute berriro jokatzeko”.

Berrogeialdian Mondrako jokalariek etxean entrenatzen jarraitu dute. Mikel Gonzalez lehen taldeko jokalariak bideo batzuk egin ditu bere taldekideek sasoi fisikoari eutsi ahal izateko, “baina, orain kalera irten garenean korrika egitera, ohartu gara ez dela gauza bera. Futbolean talde lana eta explosibidadea garrantzitsuak dira, eta hori berriro landu egin behar dugu.”

Klubean, Covid-19tik babesteko beharrezko protokoloak direla eta, jarduerara nola itzuliko diren kezkatzen ditu. Normalean, Mondrako senior taldeak abuztuko lehen edo bigarren astean itzultzen dira lanera, baina “aurten ez dago gure esku. Instalazioak udalarenak dira, eta baimena eman arte ezin izango gara entrenamenduetara itzuli. Arrasateko Udalak ere ezin du erabaki hori hartu, datak eta protokoloak Madrilgo Gobernuan ezartzen ari direlako. Beraz, kate bat da .”

Amaitzeko Mondrak, ostegunean bere jokalari eta bazkideei zuzendutako komunikatu bat jakinarazi zuen. Futbol federatu eta futbol eskolako 2020-2021 denboraldiko lehenengo kuotatik %20 murriztea erabaki du Zuzendaritzak. Bazkideei, hurrengo denboraldiko txartelean %20-ko beherapena egitea pentsatu dute aurtengo galera berdintzeko asmoz. Azkenik udako Kanpusa bertan behera geratzen dela adierazi dute.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen