Xabier Barrutietak ‘Nola biziko gara etorkizunean?’ hitzaldia eskainiko du Goienagusik antolatuta

    0
    287

    Arkitektura izango da protagonista Goienagusik aste honetarako antolatu duen hitzaldian. Xabier Barrutieta arkitektoak ‘Etorkizuneko hirien diseinua: erronkak eta berrikuntza ildoak arkitekturan’ hitzaldia eskainiko du asteazkenean, urtarrilak 19, goizeko 10:00etan, Kulturaten.

    Arkitektura pertsonen ongizatea hobetzera zuzenduta dagoen jarduera kreatiboa da, eta gure ongizatean duen eragina itzela da: gure denboraren %90 eraikinen barruan pasatzen dugu, eta hiriek CO2 isuri guztien %40 baino gehiago sortzen dituzte. Egungo desafioek orain arteko jardueraren oinarriak astintzen dituzte, eta hauen aurrean arkitektura eraikin eta hirientzat soluzio berritzaile eta disruptiboak bilatzera bultzatu du teknologia eta ezagutza berriak integratuz.

    Arkitektura diseinuak energia-autosufizientzia, diseinu zirkularra, digitalizazioa eta osasuna barne hartu behar ditu, besteak beste, erronka klimatiko eta sozialari erantzun baliagarriak emateko. Hitzaldiak estrategia berritzaile eta diseinu aurreratuak aurkeztea du helburu, baina beti ere gizartearen garapenari zuzendutako arimadun espazioak sortzea helburu dutenak.

    Xabier Barrutieta

    Xabier Barrutieta (San Sebastian 1978), Donostiako Arkitekturako Goi Eskolako Karrera Amaierako Arkitekto Saria jaso zuen eta ikasketak Alemaniako Universität Stuttgarten eta Lurraldearen Diseinuko Masterrean jarraitu zituen Universitá della Svizzera Italiana unibertsitatean.

    Arkitektura eta hiri-diseinuaren eta paisaiaren arloko nazioarteko hainbat estudiorekin kolaboratu du, besteak beste, Foster+Partners eta Arup nazioarteko bulegoekin. Jasotako sarien artean Espainiako Arkitektoen elkargoko arkitekto oso gazteentzat egindako hautaketa nabarmendu behar da, klimari, jasangarritasunari eta eraikuntza industrializatuari buruzko ikerketa-lanengatik. Europan10 nazioarteko lehiaketan ere saritu zuten Teruel Fusion proiektuagatik, Egurtek Basque Quality sarietan egurraren erabileragatik eta Lamp argiztapen sarietan Soraluzeko Sta. Maria la Real Elizaren Erreforma eta birgaitze integralaren obragatik.

    Hernaniko Orona Ideo proiektuaren arkitekto nagusia da, jasangarritasunaren eta arkitektura berritzailearen ikur bilakatu dena. Gaur egun arkitekturaren, hirigintzaren eta diseinuaren arloetan proiektuak egiten ditu Donostiako BARRU ARKITEKTURA bulegotik. Esperientzia eta gaitasunak integratzen ditu hainbat arlotan, bezeroei proiektu integralak eskaintzeko, kalitatezko zerbitzuarekin, zorroztasun teknikoarekin eta diseinu zainduarekin. 

    Donostiako Arkitekturako Goi Eskola Teknikoan irakasle eta ikertzaile gisa dihardu, eraikuntza aurreratua eta berrikuntzaren kudeaketaren arloetan, eta doktoradutza-tesia prestatzen ari da Energia Positiboko eraikinen inguruan. 

    800-Xabier Barrutieta kartela

    ERANTZUN BAT UTZI

    Zure iruzkina utzi, mesedez!
    Sartu zure izena hemen