Asteburu honetan, Arrasateko Why Not Corsa taldeak parte hartu du Mendabiako, Nafarroa, “La Cabra Raid” izeneko 6 ordutako erresistentzia proban. Talde arrasatearra Aratz Altube, Eneko Yarza, Gotzon Altube, Iban Yarza eta Esther Sáenz de la Cuestak osatzen dute, eta euren alboan Mikel Aramburu olaberriarra izan dute. Taldekideek berriz ere bat egin dute froga gogor honetan parte hartzeko, aurretik Teruelen Interclasic 24h lasterketan lehiatu ondoren.

Probaren dinamika sinplea baina exigentea izan zen: 6 orduz lurrezko zirkuitu bati birak ematea, kasu honetan 37 urteko Opel Corsa batekin. Pilotuak erreleboka aritu ziren, eta mekanika, estrategia eta erresistentzia funtsezkoak izan ziren.

Lehiaketa hasiera ez zen batere erraza izan taldearentzat, izan ere, lasterketaren hasieran taldekideek kolpe bat jasan zuten. Hala ere, talde-lanari eta esperientziari esker, kotxea konpondu eta frogan jarraitzeko gai izan ziren. Azken birak bereziki zirraragarriak izan ziren, eta taldeak bere kategoriako hirugarren postua lortu zuen. Hau izan da taldeak parte hartzen duen bigarren froga. Lehenengo esperientzia Teruelgo Interclasic 24h izan zen, eta han ere froga osatu zuten arrakastaz.

Bestalde, Félix Berasaluze arrasatearrak ere parte hartu zuen lasterketan, bere Volkswagen Polo autoarekin, eta hark ere proba amaitzea lortu zuen.





