Horretarako, irakasle ugarik adibidez “ikasgaien bideoak grabatzen ditugu, ikasleei bidaltzen dizkiegu, ondoren komentatzen ditugu, zuzenketak egiten ditugu,…”.
Arizmendi Ikastola jo eta ke dabil orain arteko eskola presentzialen dinamika online eskoletan mantentzeko.
Leintz bailarako ikastolak 3.200dik gora ikasle ditu, Haur Hezkuntzatik Lanbide Heziketara bitarte. “Denak atenditzeko betebeharra daukagu, eta ziklo bakoitzak bere ezaugarri propioak ditu”, azaldu digu gaurkoan Leire Arana irakasleak.
Horrela, esate baterako “Haur Hezkuntzan jolas librea sustatzen dugu, baita ikasleek eguneroko gauzetatik ikastea ere”.
Lehen Hezkuntzari dagokionez, ziklo honen “erritmoak ahalbidetzen du ikasitako gauzak berrindartzeko etxean ariketak egitea. Nik bi ume ditut Lehen Hezkuntzan, eta etxeko lanak, proposamenak,… dauzkate, hain zuzen, orain arteko dinamika mantentzeko eta indartzeko”.
Ikastola gisa, “erronka politena DBHtik gorako zikloetakoa da. Orain direla urte batzuk digitalaren aldeko apustua egin genuen, eta ondorioz, orain arte ere, hau da, eskola presentzialetan ere, eguneroko materiala digitalean daukagu”.
Egungo zereginetako bat da “ikasleak online atenditzea, eta horretan dihardugu. Ikasleek erreminta digitalak naturaltasunez erabiltzen dituzte, Drive esaterako. Era berean, egun azalpenak, zuzenketak,… Meet eta Hangout erabilita egiten gabiltza”.
Horrek “irakasleoi eskatzen dizkigu, adibidez ni Matematika irakasle gisa, bideo batzuk grabatzea, eta ondoren ikasleei ikus-entzunezko horiek eskaintzea. Flipped Classroom-aren ideia, alegia”.
Horrela, “ikasleek bideoak ikusten dituzte, komentatzen ditugu, ariketak zuzentzen ditugu, eta batzuetan irakasleok zuzenketen grabazioak egiten ditugu ondoren ikasleek horietatik ikas ditzaten”.
Arizmendiko ikasle guztiek “posta elektroniko bana dute, gmail-eko arizmendikide, eta bertara lotua dute Drive, Hangout eta Meet erremintak. Hauek dira gehien erabiltzen ditugunak”.
Koronabirusaren ondoriozko dinamika honetan, DBH eta Batxilergoko eskola orduen kopurua “eskola presentzialen oso antzekoa da, batez ere ‘Batxi’n, izan ere, oraindik ez dakigu aurten Selektibitatea mantenduko den edo bertan behera utziko den”.
Eskola presentzialetako ikasgaiak online bidez ere irakasten dihardu Arizmendik. “Heziketa fisikoan esaterako irakasleek ikasleei idatzizko lan bat egitea eskatu diete”.
Online bidezko eskolek “irakasleok behartzen gaituzte ikasleak dinamika jarrai dezan kontrolatzera. Beharrezko kontrol hau errazagoa da online eskola presentzialetan baino, ikaslea gelan izatean irakasleak ez dakielako ziur ikaslea adi dagoen edo ez”.
“Gaur esaterako ikasle bat goizeko 8:00etan lokartu da, eta telefonoz deitu behar izan diot eskolan parte har zezan. Jaiki egin da eta dinamikarekin bat egin du”.
Etxeko lanak ere “beti bezala, batzuek egiten dituzte eta beste batzuek ez. Nik adibidez zubi honetarako Batxilergoko 2. mailako ikasleei etxeko lan bat jarri diet, astelehenean aurkez dezaten”.
Egun eta aste hauetan ikasleek etxean denbora luzea egon behar dutenez, etxeko lanak “neurri batean ikasleentzat gogaikarriak izan daitezke baina era berean baliagarriak dira okupatuta egoteko eta errutina bati eusteko”.
Oro har, egoera berri hau aintzat harturik, “Arizmendi Ikastola eta ni neu nahiko erronkazaleak gara, gauza guztietatik ikasbideak lortzen dira, eta seguruenik ezohiko egoera honetatik guztiok asko ikasiko dugu”.