Voxen aurka bozkatu dute EH Bildu eta Elkarrekin Arrasatek: “Bizikidetzaren aurkakoa da Vox”

2
1143

EAJ-PNV eta PSOEk adierazi dute “gai hau Udaleko Bizikidetza Batzordeari dagokiola”. Oposizioak baloratu du “arrasatearrek eta bertako kolektiboek izandako jarrera” Voxen etorreraren aurka.

Bideoa: Udala.

Elkarrekin Arrasate-Podemos / Ezker Anitza-IU / Equo Berdeak udal-taldeak ondoko mozioa aurkeztu zuen atzoko Plenoan:

“2021eko irailaren 18an Vox alderdi politikoak agerraldia egin zuen Arrasateko Arizmendiarrieta plazan. Ez da kasualiatea Santiago Abascalen alderdiak plaza hau aukeratu izana, Plaza honetan 1936ko gerran Debagoieneko erail, fusilatu eta desagertutako bizilagunen ohorez monolito bat baitago. Udal-plenoari ondorengoak eskatzen dizkiogu”:

“Arrasateko udaletxean ordezkatuta gauden alderdi politikoak Vox-ek gorroto diskurtsoa publikoki salatzen dugu”.

“Arrasateko udalak Voxeko bozeramaile Santiago Abascalek Arrasateko bizilagunen eta Arrasateko herriaren aurka egindako gorroto diskurtsoa gaitzesten dugu”.

Elkarrekin Arrasatek atzoko plenoan gehitu zuen Vox “konfrontazio bila etorri zela”, eta baloratu du “arrasatearrek eta bertako kolektiboek izandako jarrera”.

Mozioa aurkeztu zuten “ezin dugulako beste alde batera begiratu”, eta karga polizialean zauritutako pertsonari “gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu”.

EH Bilduk salatu du “baimena eman zitzaiela sozialista, jeltzale eta ezker abertzaleko biktimen oroigarrian biltzeko. Arrasateko bihotzean, nahiz eta beste toki batzuk egon bazeuden”.

“Guk ez dugu beste aldera batera begiratuko: homofoboak dira (gaur indarkeria matxistaren aurkako neurri bat onartu dugu Plenoan), abortoaren aurka daude, euskal kulturaren eta izaeraren kontra daude,…”.

Sarek bere egitaraua aldatu zuen “bakearen izenean, eta hori jakinda, Ertzaintza ez zen agertu Sarek antolatutako ekitaldietan. Presoen eskubideak aldarrikatu genituen, ez genuen omenaldirik egin”. Faxisten “jarrera normalizatzea ez da onargarria”.

EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak bere “ezadostasun osoa” agertu zuen mozioa Udalbatzan aurkezteagatik:

“Mozioaren edukian sartu barik, gai hau Udaleko Bizikidetza Batzordeari dagokiola”, eta “Batzordean ez zen adostasunik lortu”, ezta “atzoko ezohiko bileran” ere.

PSEko Victoriano Fuentesek adierazi zuenez, “guk Elkarrekin Arrasateren mozioaren edukia babes genezake, baina ez gaude mozioa aurkeztutako formarekin ados, Bizikidetzako Batzordeko arauak hautsi dituelako”. Gehitu duenez, “mozioa Bizikidetza Batzordean lantzekoa zen”.

EH Bilduko Kepa Urteagak azaldu du Vox etorri baino 6 egun lehenago “Bizikidetza Batzordearen ezohiko bilera eskatu geniola alkateari, Udal bezala Voxi erantzun bat emateko”.

“Udal-gobernuak, ordea, hartu zituen erabaki bakarrak Lakuatik etorritakoak eta polizialak izan ziren. PSOEk eta EAJk ez zenuten publikoki ezer esan, nahiz eta monolitoetako biktima gehienak PSOE eta EAJkoak ziren”.

“Voxekoak etorri zirenean, gu, EH Bildukook, kalean geunden, non zeundeten zuek? Iraingarria da, Bizikidetza Batzordeko gaia dela argudiatuz, ezer ez adieraztea”.

EH Bilduko Joseba Ezpeletak azpimarratu zuen “ezin dugula faxistengatik Bizikidetza Batzordeko lan guztia hankaz gora jarri”.

Faxisten Arrasateko inbasioaren 85. urteurren ekitaldia aipatu zuen: “Parte-hartzaile batek adierazi zuen ‘ordukoak PNVkoak ziren, benetakoak, ez oraingoak bezalakoak'”.

Koalizio bereko Maider Morrasek jakitera eman zuen “Bizikidetza Batzordeko gai batek bertan adostasunik ez badu lortzen, ezin da publiko egin. Arau hori hartuta, gai hau Bizikidetza Batzordera eraman nahi izan duzue, gai hau Plenoan landu ez zedin”.

Adierazi zuenez “Vox ez da bizikidetza, Vox bizikidetzaren kontrakoa da, urteetan lortutako bakea apurtzera etorri zen. Vox Bizikidetza Batzordera eramatea faxismoa zuritzea da”.

Elkarrekin Arrasatek gogorarazi duenez “EAJ eta PSOEk 2020an, 2020ko ekainaren 3an Bizikidetzaren inguruko mozio bat ekarri zuten plenora, askatasun osoz”, Batzokiko pintaden harira. “Azkenik, Voxek ez du gure Herriko Bizikidetzaren agendan lekurik”.

Atzoko mozioaren inguruko bozketaren emaitzak ondokoak izan ziren:

  • Abstentzioak: 10 (EAJ-PNVko 7 zinegotzi eta PSE)
  • Alde: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)
  • Aurka: 1 (EAJ-PNVko Ibon Arrupe)
  • Bozketan ez parte hartzea erabaki zuen EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak

2 IRUZKIN

  1. EREÑO??????
    NON ZAUDE????

    Atzoko mozioaren inguruko bozketaren emaitzak ondokoak izan ziren:

    Abstentzioak: 10 (EAJ-PNVko 7 zinegotzi eta PSE)

    Alde: 9 (EH Bildu eta Elkarrekin Arrasate)

    AURKA : 1 (EAJ-PNVko Ibon Arrupe)

    Bozketan ez parte hartzea erabaki zuen EAJ-PNVko Anuska Ezkurrak

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen