Ramon Arkauz arrasatearrak 29 urte daramatza espetxe-politikaren kalteak jasaten. “Josu anaia Murtzian dute, eta egoerak txarrera egin du”. Bilboko manifestaziorako autobus tiketak erosgai daude.
– Zelan dago anaia?
– Murtzia aldean gauzak ez dabiltza ondo, eta uste dut kartzela guztietan gauzak antzeko dabiltzala. Kontuan hartu behar da Murtzian azken hauteskundeetan Voxek irabazi duela, eta gobernuan PP eta Ciudadanos daudela.
Alderdi horien mezuek kartzeletako funtzionarioengan eragina dute, eta espetxe barruko giroa gaiztotu da. Funtzionarioek, ahal duten neurrian, egur gehiago emango diete gure presoei, esate baterako:
Gabon zaharrean eta Urteberri-egunean Josu eta gure arteko telefono deia moztu egin ziguten, ezinezko egin zuten. Izan ere, min egiten ahalegintzen dira, eta tentsioa gero eta handiagoa da.
Batzuek diotenez “justizia guztiontzako berdina da”, eta nik gehitu nioke “berdina dela justizia horri men egiten diotenentzat”…
Gainera, ongietorrien inguruan arazo bat sortu dute. Senideoi esaten digute “ongietorri publikorik ez egiteko”, “zaratarik ez egiteko”,… baina aldi berean Urdangarini (erregearen koinatuari) egindako ongietorriak daude:
Nahi duenean kartzelatik irteten da, eta bere familiak Gasteizen ongietorria egiten dionean telebista guztiek horren berri ematen dute, arazo barik. Nola liteke?
Telebista kateek, prentsa idatziak,… erakusten dituzte zein ‘txabola’n bizi diren, bazkaltzera joaten direla, mezara familian doazela,… Ordea, guri ez digute ongietorririk egiten uzten, bere kondena osorik bete duten preso ohiei. Zer-nolako “demokrazia” eta “justizia” dira horiek?
– Noiz arte jarraituko du anaiak espetxean?
– Oraindik ez digute ezer argitu, 29 urte beteko ditu espetxean aurtengo martxoan. 23 Espainian eta 6 Frantzian. Kartzelaldiaren luditzea eska lezake, baina hori egin izan duenean, 5 urteko kartzelaldia gehitu diote…
Bien bitartean, erregearen koinatua aukeratzen du zein kartzelatan egon, nahi duenean kalera irteten da,… Gutaz barre egiten dute. Ez dut PNV ikusi, ezta beste alderdi politikorik ere, horren inguruko salaketarik adierazten.
PSOEk orain urte eta erdi esan zuen espetxe politikan aurrera pausoak emango zituela, baina ez du bere hitza bete. Larri gaixotutako presoek kartzeletan jarraitzen dute. Ez dugu lortu pertsona horiek etxera ekartzea. Urtebete igaro da eta egoera okertu da. Euren hitza bete dezatela eskatzen dugu.
– Zein mezu adierazi gura duzue zapatu honetako Bilboko manifestaziora begira?
– Herritar guztiak bertaratzera animatu gura ditugu. Eskerrak ematen dizkiegu ere astero-astero 2.000 kilometroko bidaia egiten laguntzen gaituzten guztiei. 40 minutuko bisita bat egiteko izan arren. Herriari eskerrak ematen dizkiogu, eta ea aurtengo Bilboko manifestazioarekin zerbait lortzen dugun.
Era berean, ea estatu espainiarreko gobernu berriak aurrera pausoak ematen dituen. Erakundeak borroka armatua utzi zuenetik 9 urte igaro dira, baina espetxeetako egoerak okerrera egin du.
Senideoi esan digute “pazientzia” izateko, “gauzak diskrezioaz lortuko direla”,… baina esperientziak erakutsi digu egoera hobera egin ez duela. Ezta keinu bat ere. ‘Fiti’ preso oñatiarrak 73 urte ditu, 23 daramatza kartzelan eta Asturiaseko espetxe batera eroan dute.

– Kepa zure semea preso ohia da, eta hori lagungarria zaizue egoerari aurre egiteko?
– Familiarentzat oso gogorra izan zen semea kartzelan egotea, areago, aldi berean nire anaia espetxean zegoelako. Ea lagungarria den? Bai, berak jakin badakielako egoera zein den, eta babes handi bat da.
– Zer sentitzen duzue senideek Bilboko manifestazio nazionalean?
– Poza, ikusten baituzu jende askoren babesa duzula, ez zaudela bakarrik. Herri mailan gauzak baretu dira, badirudi arazoa konpondu dela, baina ez da hala. Pozten gaitu urterik urte manifestazio nazional hauetako parte-hartzaile kopurua mantentzeak.
Horrek guztiorrek erakusten du arazo bat egon badagoela, eta konpondu beharra dagoela. PNVk dio negoziazioak “lasaitasunez” egin behar direla baina 10 urte igaro dira, eta egoerak okerrera egin du.
– Arrasatetik Bilbora joateko autobus tiketak eskuragai daude ezta?
– Bai, honezkero goizeko bi autobus bete dira (110 pertsona inguru), eta herritar gehiagok goizean joatea eskatu dutenez, beste autobus bat antolatu da. Tiketak Basatin daude erosgai, eta oraingoz (asteazken arratsaldean) 20 tiket baino gehiago daude.
Arratsaldeko autobusei dagokienean, tiketak eskuragai daude, Jaizale, Taupa eta Monte tabernetan. Herritarrak ohitura hori eusten ari dira.
– Asteburu honetan ez da espetxeetan bisitarik izango.
– Hala da, neurri hori hartzen dugu senide eta lagun guztiok ere Bilboko eta Baionako manifestazioetara joan ahal izateko.
– Aurten Unai Parotek ere 29 urte egingo ditu espetxean?
– Bai, Josuk baino urtebete gehiago darama espetxean, kondena osoa Espainian. 12 urteko kartzelaldia gehitu zioten arrazoi barik. Arazo oso serioa da. Larri gaixotutako presoek barruan jarraitzen dute. Nire anaia gogorra da, baina beldur naiz ez ote den larri gaixotuko.