Vox-en helegitea gaitzetsi du Estatu espainiarreko Audientzia Nazionalak

0
662

Sarek abenduaren 31rako antolatutako ekitaldian “delituzko egintzarik ez zela izan” ondorioztatu dute Polizia espainiarrak eta Guardia Zibilak. Ekitaldiak aldarrikatu zuen, besteak beste, “Unai, Arbe eta Peixotoren etxeratzea”.

Argazkia: MB artxiboa.

Sare Herritarrak, ohi bezala, 2021eko abenduaren azken ostiralerako mobilizazioa antolatu zuen, eta bertan parte hartzera deitu zuen.

Sarek ekitaldian azpimarratu zuen “elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bideak” egitearen beharra. Halaber, elkarbizitza hori eraikitzekoa da “gertu eta urrun sentitzen ditugunekin”.

Bakegintzarekin “alde guztietako sufrimenduak desagerrarazteko” beharra ikusi zuen, eta bide honetan berretsi zuen “badela kartzelak husteko garaia”.

Ekitaldiak gogoan izan zituen “Unai, Arbe, Peixoto eta haien senideen samina. Hauen etxerako bidea indartu beharko dugu, elkarbizitza nahi badugu”.

Abenduaren 31ko ekitaldi honek dei egin zuen “urtarrilaren 8ko Arrasateko manifestazioan parte hartzera”.

Ekitaldia baino lehen espainiar Audientzia Nazionalak onartua zuen ekitaldia egin egin zitekeela. Berau normaltasunez eraman zen aurrera.

Alabaina, Vox-en ustez, ekitaldia “ETAko hiru presoen” aldeko “ezkutuko omenaldi” bat izan zela. Aipatu behar da Eugenio Barrutiabengoa ‘Arbe’ eta Jose Manuel Pagoaga Gallastegi ‘Peixoto’ ez direla presoak, izan ere, deportatua eta iheslaria dira, hurrenez hurren.

Era berean, espainiar estatuak Eugenio Barrutiabengoa ‘Arbe’ri egozten dizkio ustez Komando Autonomo Antikapitalistetako kide bezala egindako delituak, ez ETAko kide bezala.

Polizia espainiarrak eta Guardia Zibilak Arrasateko abenduaren 31ko ekitaldia ikertu dute, eta ondorioztatu dute bertan “ez zela delituzko egintzarik izan”.

“Ekitaldiak soilik kartzela-legedia kritikatu zuen”, eta ekitaldiak “ez zuen” ETAren eta KAAren “biktimak iraintzeko asmorik izan”.

Audientzia Nazionalak gaitzetsi egin du Vox-ek aurkeztutako helegitea, apirilaren 1eko data duen ebazpenaren bitartez. “Ebazpena irmoa da eta ezin zaio helegiterik aurkeztu”.

Gogoratzekoa da gaur ere Azken Ostirala egingo dela, arratsaldeko 19:30ean ohiko bilkura egingo da Herriko plazan eta gaueko 22:00etan bertso saioa izango da Gaztetxean.

Erlazionatutako albistea:
“Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bideak” egitera deitu du Sarek
2021eko abenduaren 31n argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen