Valentzia Esports talde indartsua da, aurrera pauso bat izango da zure karrerarentzat?
Talde indartsua da, bai. Taldeka 26 alditan izan da Espainiako txapeldun, birritan Europako txapeldun, 12 aldiz Europako txapeldunorde… Palmares oso onekoa da. Iaz, baina, 26 urtez jarraian Espainiako taldekako txapelduna izan ostean, bigarren sailkatu zen (2 puntuko aldeagatik).
Gauzak horrela, talde handi batera noa, eta nire karrerarako ere aurrera pauso bat izatea espero dut.
Nola sortu zen fitxatzeko aukera?
Espainiako taldekako txapelketan 2. gelditu eta gero, taldea indartu gura izan dute. Horretarako, beste proba batzuen artean, pertika jauzia beraien ahulgune izan zitekeela pentsatu zuten, eta hura indartu nahi izan dute. Harremanetan jarri ginen eta adostasun batera iritsi eta gero, aurtengo denboraldia beraiekin batera burutuko dut.
Nola baloratzen duzu Super Amara BATeko esperientzia?
Super Amara BAT taldean urte asko eman ditut, 9 urte hain zuzen. Ibilbidearen balorazio positiboa egiten dut, bai arlo pertsonalean, zein talde moduan.
Arlo pertsonalean titulu ezberdinak lortu ditut, jende asko ezagutu dut, eta kirolari bezala asko hazi eta ikasi dudala uste dut. Eta, talde modura, talde honek zuen helburua betetzea lortu genuen orain 2 urte: Espainiako gorengo mailako txapelketetan parte hartzea. Duela bi urtera arte lehen mailan zegoen taldea. Orain, ohorezko mailan dago, hau da, atletismoaren gorengo mailan.
Super Amara BAT taldeak helburu du maila horretan mantentzea. Aldiz, Valencia Esports taldearen helburua bestelakoa da, eta hein handi batean horrek motibatu nau taldez aldatzera: Talde bezala ere lorpen ezberdinak lortzeko borrokatzeko aukerak.
Noiz joango zara Valentziara?
Nahiz eta Valentziako talde batean fitxatu, Arrasaten bizitzen eta entrenatzen jarraituko dut, Jonathan Perezekin batera. Valentziako elastikoa defendatuko dut baina nik orain arte bezala jarraituko dut. Hala ere, taldekako txapelketa batzuei dagokienez, litekeena da Valentzia aldean izatea, eta orduan bertara joan beharko dut. Baina, bestela, guztiak berdin jarraituko du.
Zein dira 2020rako dituzun erronkak?
Denboraldi honetarako erronkak bitan sailkatuko nituzke: taldekako erronkei dagokienez, Espainiako txapeldun izatea, eta erronka pertsonalei dagokienean, nire marka pertsonala hobetzen jarraitzea (4’38 metro).