Urtebeteko kartzela zigorra jarri diote gizon bati emakume bat autobusean bortxatzeagatik

0
1468

Erasoa 2019ko abenduan izan zen, Eibar-Arrasate zerbitzuko autobus batean. Emakumea lotan zela, gizonezkoak ukituak egin zizkion, besteak beste. Auzipetua errudun dela onartu du epaiketan.

Epaiak azaltzen duenez, erasoa 2019ko abenduaren 1ean egin zen, Eibar-Arrasate zerbitzuko autobusetako batean, 7:30ak aldera.

Emakume bat eserita eta lotan zegoela, gizonezko bat bere ondoko eserlekuan jarri zen, eta “asmo lizunarekin”, emakumearen “gainera bota” zen.

Berarengana bultzatu zuen, eta bularrak, zangoak eta izterrak ukitu zizkion, baita ahoan musu eman ere, emakumea esnatu eta egoeraz jabetu zen arte.

Epaiketan gizonezkoak erasotzailea bera izan zela onartu zuen, baita Fiskaltzak eskatutako zigorra ere. Ondorioz, sexu-abusu baten egile izateagatik zigortu dute.

Epaitegiak ondoko zigorrak jarri dizkio: urtebeteko kartzela zigorra, biktimari 2.200 euroko kalte-ordaina ordaintzea, eta biktimari ezin hurbiltzea ezta berarekin komunikatzea ere 2 urte eta 4 hilabeteko epean.

Hala eta guztiz ere, epaiak bertan behera utzi du kartzelaldia erasotzaileak hiru baldintza betetzen baditu: hezkuntza sexualeko programa batean parte hartzen badu, 2 urteko epean deliturik egiten ez badu eta biktimari kalte-ordaina ordaintzen badio.

Erasoen biktimek edo erasoen lekuko direnek ondoko laguntza-zerbitzuak dituzte eskura, ondoko telefono zenbakietan:

  • Udaltzaingoa: 943 25 20 10 edo 092
  • Larrialdiak: 112
  • Eusko Jaurlaritzaren 24 ordutako zerbitzua: 900 84 01 11. Honek ez du telefono deiaren arrastorik uzten eskuko telefonoan

Erlazionatutako edukia:

Indarkeria matxistaren biktimek arreta zerbitzua jaso dezakete

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen