“Urtarrilaren 9ko mobilizazioa bezalakoak presoentzat ezinbestekoak dira”

0
872

Josu Arkauzek 29 urte baino gehiagoko kondena beteta, baieztatu du Covid-aren ondorioz “espetxeetako egoera zeharo larriagotu dela”. Arrasatearrak azpimarratu duenez urtarrileroko mobilizazioa “herriaren taupada bat da“.

Argazkia: Familia.

Nola laburbilduko zenituzke espetxean bizitako 29 urte eta 8 hilabeteak?

Nekeza baino konplikatua litzateke laburbiltzea, bizitza erdiaren historia da. Dena den gorabeherak izan ditugu kolektibo gisa eta baita pertsonalki ere. Gorabehera batzuek bizirauten lagundu digute eta beste batzuek bizitza zeharo konplikatu digute: atxiloketak, ilegalizazioak, isolamendua, alboko lagunaren heriotza espetxeko politika sanitario eskasengatik…

COVID 19aren testuinguruan espetxeetako egoera larriagotu egin da?

Zeharo, bisitarik gabe emandako denboraz gain, komunikazioak ere (gutunak, deiak, prentsa…) guztiz mugatu dira. Esaterako, espetxe batzuetan korrespondentzia guztiz eten zuten hainbat hilabetez.
Egun, bis a bisetatik, intimo nahiz familiarretatik, atera bezain pronto gutxienez 10 egunerako konfinatzen dituzte presoak. Hau dela eta, 2 orduko zoriontasun horrek 10 eguneko isolamendua dakarkio kideari, zailtasunak telefonoz deitzeko, ekonomatoan eskaerak egiteko… Eta horrek desoreka bat dakar, 10 egunetarako inmobilizatuta zaude.

Beraz, egungo egoerak, presoak espetxean ohikoan jasan dezakeen bakardade horri are eta isolamendu handiagoa gehitu dio.

Honek guztiak biziki zailtzen ditu nirea baino egoera konplikatuagoa dutenen bizi baldintzak: haur txikiak dituztenenak, bikotekidea ere espetxean dutenena, gaixotasunak dituztenenak…

Zerbitzu medikuak adibidez guztiz murriztuta daude, minimotan. Badira hainbat kide COVIDa ez den beste gaixotasun batzuk dituztenak eta egoera honek kaltea eragin diotenak.

Zer aurkitu duzu aske gelditu zarenean?

Lehenik eta behin ezagutzen ez nuen gizarte bat aurkitu dut. Ez soilik aldaketa soziologiko batengatik, horri gehitu behar zaio ditxosozko birus honek inposatzen digun egoera orokorra.

Aldi berean, espero nuen gizarte bat aurkitu dut. Azken finean presoak ez baikara deskonektatuta bizi, Euskal Herriko komunikabideei lotuta bizi gara, Gara, herriko komunikabideak… Eta inoiz falta izan ez dugun lagunarteko kontaktua.

Nire mundu hurbilean, hau da, gure bailaran, aurkitu dudan ingurumen sarraskia izan da asko kolpatu nauen gauzetako bat: mendi guztiak zulatuta, AHT-arentzako horrelako bide zabalak… Euskal Herria bezalako herri txiki batean beharrezkoak ez diren azpiegiturak. Baina hauek dira jeltzaleen politikagatik ordaindu beharreko peajeetako batzuk. Alboan dugun Zaldibarko zabortegian ere bi persona hil dira aurten, bizitzak ere eramaten ditu bihotz gabeko politika horrek.

Bestalde, positiboki harritu nau mugimendu feministak. Sendotuta eta indartuta ikusi dut, oso ilusionagarria iruditzen zait. Nik iparraldera alde egin nuenean ez zegoen gaur egun dagoen mugimendu bizi hau. Nik uste dut, Ezker Abertzalean mugimendu bezala zorretan gaudela emakume langileekin.

Nola ikusi dituzu arrasatearrak eta Arrasate?

Arrasate bertan da, baina aski aldatu da ez baitira debalde pasatu urteak. Bertako herritarrak, lagunak bereziki, oso zahartuta ikusi ditut (barreak). Penagarria egin zait horrenbeste urte pasatu ondoren bueltatu eta hainbat lagun ezin aurkitu izana, adiskide zein ezagunak. Baina iraun dutenekin parada izan dut ahaztutako hainbat sentsazio eta esperientzia berreskuratzeko.

Egungo egoera politikoaren zein irakurketa egiten duzu?

Irakurketa baikorra egiten dut. Nola edo hala Ezker Abertzaleak beharrezkoa zuen historikoki generaman bidea egokitzea eta dirudienez bete-betean asmatu du. Ez bakarrik lortutako indar akumulazioagatik, baita burujabetzarako bidean jarritako oinarriengatik ere. Nahiz eta aurrera pausu handirik eman ez direla iruditu, begi bistakoa da horretarako oinarriak jartzen gabiltzala.

Bide luzea egina daukagu eta asko gelditzen zaigu oraindik guk espero dugun gizartea gauzatzeko. Baina herri mugimendua, Ezker Abertzalea orokorrean, ongi sustraituta daukagu, eta nik behintzat ez dut gure helburuak lortzeko itxaropena galtzen.

Mobilizazio jendetsuak garrantzitsuak dira preso dauden pertsonentzako?

Garrantzitsuak baino ezinbestekoak dira. Azken finean presoaren lotura animikoak horretan datza. Kaleko argazkia baino, kalearen arnasa da preso dagoenari iristen zaiona, eta zorionez hori une delikatuenetan ere gure kolektiboari ez zaio inoiz falta izan.

Urteak daramazkigu urtarrilero Euskal Herriko kaleetan jendetza mobilizatzen. Nahiz eta batzuetan inpresioa gelditu talde kohesioarentzat besterik balio ez dutela, uste dut interes handiko mobilizazioak direla. Azken finean kolektiboari, gizarteari eta baita espainiar eta frantziar Estatuei herri bizi bat garela erakusten dio, bere presoak ahazten ez dituena, eta behar denean mobilizatzeko prest dagoena. Urtarrilero presoen alde egiten den mobilizazioa herriaren taupada bat da.

Zerbait gehitu nahi zenuke?

Dei egiten diet arrasatear guztiei, xume-xume, tokiz toki egin dezatela indar apur bat presoei elkartasun keinu bat bidaltzeko. Urtarrilaren 9an Arrasateko kaleetan elkar ikusiko dugu!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen